'Matematikak eguneroko bizitzan' zikloak ateak itxiko ditu

uriola.eus 2015ko api. 30a, 08:57

Argazkia: www.duniapelajar.com

Matematikak eta euren errealitatea gizarte osora hurbiltzeko, era atsegin baina zehatzean, zenbait topaketa egin dira apirilaren 16tik 30era, Bidebarrietako liburutegian. Gaurko saioa izango da azkena eta honetan, Marco Castrillonek Matematicas en color izango dau berbagai.

Zikloa mota guztietako ikus-entzuleei zuzenduta egon da, eta bere helburu nagusia, matematikek eguneroko bizitzan duten presentziaz kontzientzia piztea izan da: mugikorrarekin egiten dugun deian, kamera digitala erabiltzean, kutxazain automatiko batetik dirua ateratzean, Interneten sartzean…

Saioak Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan izan dira, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, eta ikus-entzule guztiei egon dira zuzenduta, gazteei, gurasoei, irakasleei, eta baita matematikak gorrotatzen dituztenei ere.

Hitzaldi zikloa gaur, apirilaren 30, itxiko da, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle den Marco Castrillonen Matemáticas en color hitzaldiarekin. Gizakion begiak koloreak ikusteko duen prozedurak alderdi konplexu asko eskatzen ditu, biologia, fisika, kimika eta… jakina… matematikak. Egileak, bi tonalitate antzekoak diren ala ez bezalako eztabaida subjektiboez gain, gai horiek modu errazean lantzeko tresna matematikoak eskainiko dizkie bertaratutakoei.

Marco Castrillon doktore da Zientzia Matematikoetan eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Geometria eta Topologia Saileko irakasle da. Ikasle gisa hartu zuen parte Matematiken Nazioarteko 31. Joko Olinpikoetan (Txina) eta Matematiken V. Joko Olinpiko Iberoamerikarretan (Espainia). Gaur egun RSMEko Joko Olinpikoen Batzordeko kide da (erakunde horretako Gobernu Batzarreko mahaikide izateaz gain), eta Espainiako taldearen tutore izan da azken aldiko hainbat ediziotan.

'Matematikak eguneroko bizitzan' programa Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultateak eta Real Sociedad Matemática Española izenekoak antolatu dute elkarlanean, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) izenekoaren eta Radio Euskadiren laguntzarekin.