125 urteko antzokiari begira

uriola.eus 2015ko mai. 25a, 12:00
Argazkia: Thierry llansades

Arriaga Antzokiak bere 125. urteurrena ospatuko du maiatzaren 31n, genero guztietako artisten partaidetza izango duen gala bereziarekin. URIOLAk hainbat bilbotarrekin antzokiari buruzko iritzi eta oroitzapenak partekatu ditu. Gaurkoan, Mikel Martinez aktorearen txanda da. 

Arriaga antzokia “Bilboko antzokia da” Mikel Martinez aktorearen esanetan. Edo bestela esateko, “Bilboko Arte Eskenikoen San Mamesa”, eta horrela azaltzen du bere definizio borobila: “Oso gurea sentitzen dugu. Kritikatu ahal dugu, honegatik edo besteagatik, baina uste dut bilbotarrok onartzen dugula, eta harro sentiarazten gaituela”.

Arriagan lan “batzuk” antzeztuta dago Mikel, eta beti “zirraraz sentitzen genuelako, antzezleok eta publikoak, marko konparaezin horretan euskarazko antzerkia, euskal kultura, euskara bera prestigiatzen ari ginela”. Bada oso gogoan duen okasio horietako bat, berezia, Pankreas antzezlanaren estrenaldia, “ez dut sekula ahaztuko”.

Eskatzea librea denez, “kalitatezkoa, popularra, berritzailea, kontzientzia astintzailea, euskalduna...” den Arriaga Antzokia nahi luke Mikelek aurrera begira.

 

[2015/04/22] Arriaga Antzokiak bere 125. urteurrena ospatuko dau maiatzaren 31n