Ballet bat, hiru erronka

uriola.eus 2016ko ots. 12a, 09:32

Hiru koreografia aurkeztuko ditu Sao Pauloko balletak Arriaga antzokian gaur eta bihar. Mauro Bigonzettiren Antiche Danze, Cayetano Sotoren Adastra eta Itzik Galiliren O Balcão de amor. 

Aurreko bisitan, 2009ko martxoan, Canela fina lanarekin ikusleen txaloak bereganatu zituen Balé da Cidade de Sâo Paulok. Oraingo honetan, konpainia brasildarrak nazioarteko lehen mailako hiru sortzaileren koreografia banarekin osatutako egitaraua eskainiko du. Mauro Bigonzetti italiarra, Cayetano Soto espainiarra eta Itzik Galili israeldarra dira sortzaileak. Ikusleek gaur eta bihar, otsailaren 12 eta 13, izango dute ikuskizunaz gozatzeko aukera, eta bi emanaldiak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira.

 

Hiru lan eta lan oso bat

Lan bakoitzak bere aldetik oso ondo funtzionatzen du, eta hiruak batera ere bikain moldatzen diren koreografiak dira. Interpretatuko diren ordena erreferentzia gisa hartuz, ikus-entzuleek lehenengo ikusiko dutena, Mauro Bigonzettiren koreografia duen eta 2014ko abuztuan São Pauloko Udal Antzokian estreinatu zen Antiche Danze izango da. Erabat musikan inspiratuta dagoen lana da, eta bertan Berpizkundeko musika XIX. mendeko kultura sinfoniko modernoarekin elkartu eta bertatik ideia koreografikoa sortuko da: eguneroko bizitzako keinuak, erdi moztutako mugimenduak, dinamika azkarrak dituzten pieza koreografikoak; bikoteak, bakarlariak eta taldeak, oihal garaikideekin egindako soinekoekin eta jantziekin, baina garai hartako estetikari jarraituz. Koreografiak ere tradizioaren eta modernotasunaren arteko kontraste horretara eramango du ikuslea.

Cayetano Soto espainiarraren Adastra da egitarauko bigarren pieza. Koreografoak berak “bizitzeko filosofia, gogoeta puntu eta, aldi berean, gutariko bakoitzak barruan daramagun barne izar horretara heltzeko gurutzada” gisa definitzen du, eta zera gehitu du: “Bidea, beti amestu duzuna izatera heldu ahal izateko borroka pertsonala da. Badu meritua Adastra erdialdera heltzeak, zenbat eta zailtasun gehiago aurkitu, zure bizitza laburrak gehiago emango baitizu”. Adastra joan den irailean estreinatu zen São Pauloko Alfa Antzokian.

Amaitzeko, Itzik Galilik, 2014ko apirilean São Pauloko Udal Antzokian estreinatu zen O Balcão de amor aurkeztuko du. Pieza fantasiaren eta errealitatearen artean mugitzen da, eta ebokatzailea da, egilearen hitzek erakusten duten bezala: “Hari bat bezalako mugako lerroa, ametsa gurtuz. Egun baten amaieran, minez lortutako zoriontasunaren merkataritza. Arnas bakoitzaren muturrean. Zeruertzerantz doan daimonaren arima dantzan. Amildegiaren ertzetan”.

 

Konpainia

Balé da Cidade de Sâo Paulo izenekoa mundu osoko metropoli handienetako bateko konpainia ofiziala da, eta hiriarekin berarekin gertatzen den bezala, izaera kosmopolita indartsua du. 1968ko otsailaren 7an sortu zen, dantza klasiko konpainia gisa, eta 1974an, Antonio Carlos Cardosoren, Iracity Cardosoren eta Marilena Ansaldiren zuzendaritzapean, gaur egunera arte iraun duen dantza garaikide izaera bereganatu zuen. 

Balé da Cidaderen nazioarteko arrakastaren ibilbidea, 1996an Frantziako Lyonen egiten den Dantzaren Biurtekorako gonbidapena jaso zuenean hasi zen. Ordutik, Europan egindako bidaia guztietan kritika espezializatuaren eta ikus-entzuleen txaloak jaso ditu. Gaur egun, konpainiak egungo koreografo ospetsuenen lanez osatutako errepertorio zabala du.

 

Sarrerak

Salgai daude 12 eta 42 euro artean www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.