'El pequeño libro de la superacion personal' libuaren aurkezpena jasoko du Bidebarrietak arratsaldean

uriola.eus 2016ko mai. 5a, 09:01

Bidebarrieta Kulturguneak, Josef Ajram kirolari eta burtsako trader katalanaren El pequeño libro de la superacion personal azken liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du gaur, maiatzak 5, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Argitalpena, pertsona anonimoek eta pentsalari handiek idatzitako ehun esaldi, aipamen eta esaera bilduma da. Esaldi horietan, muturreko probatan aritzen den kirolariak, enpresariak eta coachak bere erronkak eta helburuak lortzeko indarra eta motibazioa aurkitu ditu.

Orrialde bakoitzean, irakurleak esaldi bat, irudi bat eta egilearen azalpen bat aurkituko ditu. Aukeratutako glosa batzuk hauek dira, adibidez: Thomas Alba Edisonen "Ezinezkoa dela esaten dutenek ez ligukete trabarik eragin behar ahalegintzen ari garenoi", edo Bill Nyeren "Zerbait ez dago ondo bizikleta estatikoan muntatzeko gimnasiora automobilez doan gizartean", eta baita egile ezezagunen beste batzuk ere: "ametsak ameslaria hiltzen bada baino ez dira hiltzen".

Aita siriarra eta ama espainiarra dituen Josef Ajramek (Bartzelona, 1978) aitaren aldeko aitonari zor dio bizikletan ibiltzen hasi izana. Bizikletarekin zenbait Titan Desert eta Andalucía Bike Race izenekoak egin ditu, mendiko bizikletan egiten diren proba gogorrenak, beste askoren artean.

Burtsako day traderra da, baina ezaguna da, batez ere, muturreko exijentzia duten kirol probetan parte hartzen duelako. Bere filosofia ez da irabaztea, ehuneko ehuna eman duela sentitzea baizik. Where is the Limit? eta Caltal bolsa sortu ditu, eta hainbat liburu idatzi ditu, No se donde esta el limite pero si se donde no esta (Alienta, 2012) eta Bolsa para Dummies (Para Dummies, 2013), besteak beste.