Patxo Telleriak zuzendutako 'Alde Zaharreko maitaleak' antzezlana eskainiko dute gaur Arriagako Gelatxoetan

uriola.eus 2016ko eka. 7a, 08:00

Hurrengo Gelatxoak ere Shakespeare izango du protagonista Arriagan. Oraingoan, Olatz Ganboa eta Mikel Losada antzezleen txanda izango da, dramaturgo ingeles handiaren antzerkiarekin jolasteko.

Agertokian defendatuko dute Alde Zaharreko maitaleak, ukitu metateatralak eta komedia asko, baina baita mina eta sufrimendua ere, dituen Patxo Telleriaren oso testu berezia. Egilea bera da antzezlanaren zuzendaria, Getari Etxegarairen laguntzarekin.

Shakespeareri buruzko testu hau serioa ala lelokeria den galdetuta, "patxotada" gisa definitzen du egileak umorea erabiliz. Modu batera edo bestera, Patxo Telleria ausardiaz hurbiltzen da Shakespearengana, erreberentziaz baino gehiago, haren ikuspegi inozoenari nagusitasuna emanez. Horrela, lotsarik gabe, dramaturgo ingelesaren antzezlan dramatikoenetako eszenak erabili ditu antzezpenaren gozamenaren neurrira egindako antzerkiko jostailua eraikitzeko. Izan ere, antzezleena eta antzezleentzat egindako lanaren aurrean gaude. Hori dela eta, Olatz Ganboa eta Mikel Losada asko jolastuko dira agertokian.

Alde Zaharreko maitaleak lana Arriaga Antzokian ikusi ahal izango da lehen aldiz, gaur, asteartea, ekainak 7, arratsaldeko 20:00etan. Bihar, asteazkena, lan bera gaztelaniaz estreinatuko da, talde artistiko berberarekin. Los amantes del Casco Viejo asteazkenean, ekainaren 8an, arratsaldeko 20:00etan, ikusi ahal izango da.

Ikuskizunerako sarrerak 9 eta 14 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.