'Amets Nagusia' dokumetala aurkeztuko du gaur Bilboko Konpartsak Aste Nagusiaren hastapenak jendarteratzeko

uriola.eus 2016ko aza. 8a, 10:23

Gaur arratsaldean, azaroak 8, Bilboko Konpartsak eta Udalak Amets Nagusia, Ametsa jai bihurtu zen dokumentala aurkeztuko dute Arriaga Antzokian. Dokumentala Bilboko Konpartsak zuzendu eta ekoitzi du eta Aste Nagusiaren hastapenak jasotzen ditu. 20:00etan izango da emanaldia eta garai hartako eta egungo Aste Nagusia posible egin duten lagun eta kolaboratzaileek primizian ikusi ahalko dute.

Aste Nagusiaren sorrera urteetarako bidaia egin dute Bilboko Konpartsak federaziotik, 1978ko garaietara, eta Amets Nagusia, Ametsa jai bihurtu zen dokumentala ekoitzita. Azaroaren 8an aurkeztuko dute Arriagan eta bertan, besteak beste, Txupinera eta Pregoilari historikoak, Jai Batzorde Mistoko kideak eta Bilboko Konpartsak osatzen dituzten 29 konpartsetako 500etik gora konpartsakide egongo dira.

Dokumentalaren zuzendaritza-lanak egin dituzten Mercè Cortina-Oriol eta Fernando Garcia Regidor konpartsakideen hitzetan, "garai hartako memoria historikoa berreskuratu nahi izan dugu Bilboko Konpartsetatik, herri-mugimenduetatik datorren gure Aste Nagusiaren erroak berreskuratzeko". Dokumentalaren kredituetan jasotzen denez, gaur egun sinestezina dirudien arren, sasoi batean ez zegoen Aste Nagusirik. "Garai horietan, denok uxatzen gintuen hiri are goibelago eta itzaltsuagoa bihurtzen zen Bilbo abuztuan". Azaldu dutenez ere, "Frankoren diktadura luzea oso eraginkorra izan zen berun kolorea bizitzaren esparru guztietara zabaltzen, baita jai esparruetan ere". Eta gogora ekarri dute 1978an zerbait gertatu zela; "bizitzaren koloreak berreskuratuz, norbanako batzuek berun kolore hori estaltzeari ekin zioten. Inori baimenik eskatu gabe ekin zioten, erditzeek ezin baitute itxaron".

Dokumental honek gaur egun ezagutzen dugun Aste Nagusiaren hasiera ezagutarazi nahi du; beraien emankortasunarekin, musutruk eta herrigintzatik, inolako aginte edo agintaririk gabe, gizarte batek gauza zoragarriak sortu ditzakeela erakutsi eta irakatsi zutenak omenduz. Beraiengatik guztiengatik.

Dokumentalak lizentzia irekia izango du eta edozeinentzat izango da ikusgai Bilboko Konpartsen webgunean: http://www.bilbokokonpartsak.com

ç