Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren munduari bere begirada zuzendu dio Bernardo Atxagak ‘Lu eta Le’ lanean

uriola.eus 2017ko urt. 30a, 09:40

Arriaga Antzokiak gaur, astelehena, urtarrilak 30, hartuko du Donostia 2016k eta Ados Teatroak ekoiztu duten lan hau, abenduan Donostiako Victoria Eugenian estreinatu zena, sarrera agortuekin. Garbi Losadak zuzentzen du Bernardo Atxagak idatzitako lana, Juan Carlos Perezek idatzitako musika originala duena.

Donostia 2016k eta Ados Teatroak ekoiztutako Lu eta Le obra gaur taularatuko dute Arriaga Antzokian. Testua Bernardo Atxagak idatzi zuen, DSS2016EUk enkargatuta, Hiriburutzaren Gabon, Txirrita proiektuaren baitan. Hasierako ideia Leteren titulu bereko obra berrinterpretatzea zen, baina Atxagarentzat "Egunsentiaren esku izoztuak liburuan ageri zena sakonagoa zen, unibertsalagoa, egiatiagoa; gainera, Gabon, Txirritaren estiloa eta forma oso urrun sumatzen nituen nigandik, zeren abangoardiaren ildoa iruditu izan baitzait beti antzerkirako egokiena". Arrazoi horiek eta publikoarengan atxikimendu sentimentalik ez sortzeko nahiak Asteasuko idazlea beste proposamen bat egitera eraman zuten.

Antzezlan honetan Atxagak Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren munduen ikuspuntu pertsonal bat planteatzen du. Testua, lengoaia dramatiko ez konbentzional batez, bi protagonisten figuraren inguruan osaturiko eszena eta eszena zatiekin egindako kaleidoskopioa da, Juan Carlos Perezek sorturiko jatorriko partiturarekin osatua. Sortzaile hauek biek, Garbi Losadarekin batera, egitura dramatiko eta musikal abstraktua planteatzen dute, ohizko planteamenduetatik haratago doana, forma eta testuaren biluztasunaren bila beti ere.

Testuaren izaerak, Leteren munduaren kaleidoskopio gisa osaturikoak, eta bertako pertsonaia alegorikoek, eszenaratze ez naturalista bat proposatzen dute eta baita mugimendu koreografiatuak ere, solemneak batzuetan, erritutik oso hurbil beste batzuetan.

Atmosfera honetan, Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza aktoreek eta Klara Mendizabal abeslari-aktoreak, errealismotik at egongo den interpretazio kodea izango dute. Arreta handia ipiniko da espresio eta keinuen zehaztasunean, hala nola, testuaren erritmo eta intonazio ez naturalistan. Helburu "musikala" ez da izango testuaren ulermenaren bidez bakarrik publikoarengana iristea, baizik eta, hitzen musikaltasunarekin, errepikapenekin, erritmo aldaketekin, zuzeneko musika eta abeslariaren arteko interakzioarekin komunikazio egoera zabalago bat sortzea. Emanaldia euskaraz izango da, gaztelaniazko azpitituluekin.

Sarrerak salgai

Emankizunerako sarrerak salgai daude antzokiaren web-orriaren bitartez, eta haren bulegoetan, 6,5 eta 18 euro artean.

Sinopsia

Lourdes Iriondo (LU) eta Xabier Lete (LE) Ez dok amairu kolektiboaren parte izan ziren 1966 eta 1972 bitartean, euskal kultura berreskuratu eta berritu nahian jaiotako mugimendu kultural abangoardista. LU berebiziko emakumea izan zen, abeslaria, idazlea, 'Euskal Herriaren nobia' izendatu zuen Gabriel Arestik. LEk, kantautorea izateaz gain, obra poetiko nabarmena erein zuen 2008 urteko Kritika Saria jasotzeraino.

Baina, aldi berean, heriotzarekin lotura handia izan zuten biek bizitza osoan zehar. 1985 urtean LEri tratamendu eta sendabiderik ez zuen digestio aparatuari eragiten zion sindrome genetiko bat azaldu zitzaion. LUk ere hemezortzi urtetatik, balbula aldatzeko hainbat operazio izatera behartu zuen bihotzeko gaitza zuen, estenosi mitrala. 

Lu eta Le, umore kutsu sotilaz, bi protagonistak seduzitu nahian baina eurak gogor eutsiko dioten Herioarekiko harremanaz mintzo da. Baina egun batean Herioak halabeharrez jaso egingo ditu.