El Vacieko emakumeek aurreiritzirik gabeko antzerkiaren alde egingo dute 'Fuente Ovejuna' lanean

uriola.eus 2017ko ots. 15a, 08:30

Eszenan "zirrara, poesia eta egia", hori da El Vacieko emakume taldeak eskaintzen duena Fuente Ovejuna lana, agintarien zapalkuntzaren aurkako Lope de Vegaren testu bikaina, antzeztean. Arriaga Antzokiak programatuta BBK Aretoan gozatu ahal izan genuen La casa de Bernarda Alba bikain hartatik zazpi urte igaro direnean, taldeak gora egin du kalitate artistikoan eta presentzia eszenikoan. Eta horren lekuko izango dira ostiralean, otsailaren 17an, 20:00etan, Arriaga Antzokira hurbiltzen diren ikus-entzuleak. 

Fuente Ovejuna Sevillako Antzerki Ikerketarako TNT Nazioarteko Zentro ospetsuaren ekoizpena da. Lana Pepa Gamboak zuzentzen du, La casa de Bernarda Alba lan hartan ere El Vacieko emakume taldearen buru izan zena, hain zuzen ere, eta orduan ere ikusi ahal izan genuen bezala, muntaketa honen bitartez berriro ere agerian geratzen da bestelako antzerkia posible dela egitea, aurreiritzi guztiak hankaz gora jarriz. Ez dugulako ahaztu behar, Sevillako El Vacie ijito-kolektiboko kide diren emakume horiek ez zekitela zer zen antzerkia TNT Zentrora heldu arte, eta antzezlan batean parte hartzea burutik pasatu ere ez zitzaiela egin. Fuente Ovejuna lanarekin berriro ere agertokira dakarte euren ahotsa, ikus-entzuleei antzerki ikuskizun bikaina eskaintzeko. 

Lanari dagokionez

Fuente Ovejuna (1619) Lope de Vegaren antzezlan barrokoa da. Bertan, herritarrak bidegabekeriaren eta agintarien gehiekerien aurka altxatzen dira. Altxamenduak hilketa ekarri zuen, baina ikerlariak erantzun bakarra lortu zuen herritarren ahoetatik: «Fuente Ovejunak egin zuen». Portaera zoragarri horren ondorioz ikerketarekin ez jarraitzea erabaki zuen, herritarren mendekua bidezkotzat joz. Gaur, ia 400 urte geroago, gizarte desberdintasunen garaipen latzak erabateko gaurkotasuna ematen dio testu honi. 

Ikuskizunerako sarrerak 6,50 eta 21 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.