'Ez Dok Hiru' Arriagako oholtzara igoko da euskal musikaren imajinario kolektiboari errepasoa egiteko

uriola.eus 2017ko ots. 28a, 10:10

Eszenatokietara itzuli da Ez Dok Hiru, Euskal Herriko imajinario musikalaren errepaso ironiko, absurdu eta dibertigarria eskaintzeko. Proposamen teatral berria, euskal musikaren benetako istorioa izenburuduna, Arriagann estreinatuko dute, martxoaren 7an eta 8an emanaldiak eskainiz, asteartean eta asteazkenean hain zuzen (11:00 eta 20:00).

Publiko helduari zuzendutako antzezlana da, umorezkoa eta euskaraz. Patxo Telleriak sortu ditu testuak eta Mikel Martinezek, eta Telleriak berak, zuzenean antzezteko duten estilo paregabearekin defendatuko dute taula gainean.  

Oraingo honetan, bikoteak beste hiru musikari-aktorekin partekatuko du eskenatokia, hitzari, bere ohiko tresna eszenikoari, zuzeneko musikaren indarra gehiturik. Zeregin horretan ariko dira, hain zuzen, Adrian Garcia de Los Ojos, Maria Arriaga Telleria eta Ivan Allue. Eta guztia zuzentzeko lanetan, nor eta Jokin Oregi, bere ohiko maisutasuna erakutsiz.

Finean, euskal kantutegian oinarritutako ikuskizun teatrala da, gure musikarekiko maitasuna dariona, baina Ez Dok Hiruren estilo eroa, deskonzertantea eta irrigarria azalerazten duena. Izan ere, gure musika ondarea altxor bat da, gure memoria historikoaren lekuko emozionala. Horregatik, hain zuzen, gutako edonork uste baino euskal kantu gehiago ezagutzen ditugula esaten digute Ez Dok Hirukoek. Ikuskizun berri honetan berrehun abesti baino gehiago agertzen dira (zatiak, noski!) eta denak ez bada gehienak, ezagun egingo omen zaizkigu.

Ikuskizunerako sarrerak 6,50 eta 18 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.