Bidebarrietak 'Mac y su contratiempo' eleberriaren aurkezpena jasoko du gaur

uriola.eus 2017ko mar. 9a, 08:00

Enrique Vila-Matas idazlearen Mac y su contratiempo (Ed. Seix Barral) azken liburuaren aurkezpen ekitaldia jasoko du gaur, martxoak 9, arratsaldeko 19:30etik aurrera, Bidebarrieta Kulturguneak.

Egilearen formula, estilo eta berrikuntza guztiak biltzen dituen eleberri harrigarria da. Ekitaldia Maria Bengoa kazetari eta idazleak aurkeztuko du, eta streaming-ez eskainiko da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Enrique Vila-Matasek sakonean lantzen du literatur sorkuntza umorea baztertu barik, normaltasuna goraipatzen du protagonista eszentriko eta bitxiaren bitartez, eta bat-batekotasuna erakusten du kritikak txalotu duen eta aurkikuntza bikainak dituen lanean. Izan ere, galtzerdia balitz bezala buelta emateko eta irakurlea aho zabalik uzteko gaitasuna du, amaiera ezin hobearekin. Batzuetan egunkari dibertigarriz, idazketaren jatorriari eta prozesuari buruzko saiakeraz, ikerketa kriminalez eta ikasketa eleberriz mozorrotzen den eleberria da.

Protagonista Mac da. Lana galdu berri du eta egunero paseatzen du Coyotetik, bizi den Bartzelonako auzotik. Obsesionatuta dago bere auzokidearekin, idazle ezagun eta ospetsuarekin, eta izorratuta sentitzen da hark kasurik egiten ez dionean. Egun batean liburu-dendako emakumearekin hitz egiten entzuten du, zentzurik gabeko pasartez beteta dagoen Walter y su contratiempo haren lehen liburuari buruz. Orduan, idazteko grinaz dagoen Macek, auzokideak ahaztu nahiko lukeen lehenengo kontakizun hura aldatzea eta hobetzea erabakiko du.

Enrique Vila – Matas Bartzelonan jaio zen 1948an. Bere narrazioen artean lan hauek azpimarratu behar dira: Historia abreviada de la literatura portatil, Suicidios ejemplares, Hijos sin hijos, El mal de Montano (Seix Barral, 2012), Doctor Pasavento, Exploradores del abismo, Dietario voluble, Dublinesca (Seix Barral, 2010), Chet Baker piensa en su arte, Aire de Dylan (Seix Barral, 2012), Kassel no invita a la logica (Seix Barral, 2014) eta Marienbad electrico (Seix Barral, 2016). Horrez gain, saiakera lan asko ere egin ditu.

Bere lanak 36 hizkuntzatara itzuli dira, eta sari ugari jaso ditu, beste batzuen artean, FIL Saria, Letren Formentor saria, Romulo Gallegos, Kritikarena, Espaniako Errege Akademiarena, Kataluniako Kulturarena, Ciutat de Barcelona, Herralde Eleberri saria, Fundacion Lara, Leteo, Argital, Circulo de Criticos de Chile izenekoak ematen duena, Meilleur Livre Etranger, Fernando Aguirre-Libralire, Medicis-Etranger, Jean Carriere, Ennio Flaiano, Elsa Morante, Mondello, Bottari Lattes Grinzaine eta Gregor von Rezzori sariak. Horrez gain, Frantziako Ohorezko Legioko zaldun da.