Cesar Sarachu protagonista eta Adolfo Fernandez zuzendari ditu 'En la orilla' lanak

uriola.eus 2017ko mar. 10a, 06:00

'En la orilla' antzezlaneko kartel iragarlea

Rafael Chirbesen eleberriaren antzerkirako moldaketa gaur, ostirala, martxoak 10 eta larunbatean, hilak 11, arratsaldeko 20:00etan eskainiko dute Arriaga Antzokian, eta igandean, 12an, ordubete lehenago, 19:00etan. 

"Inguratzen gaituen egia argi eta gogorra, kaosaren deskribapena, sortu zenetik gaur egunera arte. Hemen, orain, gure lupetza partikularrean. Eta guztia dekadentziaz inguratuta. Gehiago, eta ondoren askoz gehiago, nahi izan zuten ekintzaileak. Anai-arrebak engainatuz. Amak salduz". Adolfo Fernandezen hitzak dira, En la orilla, 2014an Kritikaren Sari Nazionala, Francisco Umbral Saria eta Narratibaren Sari Nazionala, azpimarragarrienetako batzuk baino ez aipatzearren, lortu zituen Rafael Chirbesen eleberri bikaina zer den azaltzeko.

Izan ere, Adolfo Fernandez da gaurtik, ostiraletik, martxoaren 10etik, igandera, martxoaren 12ra, Arriaga Antzokian eskainiko den En la orilla lanaren antzerkirako moldaketaren zuzendaria. Lanaren protagonista Cesar Sarachu antzezle ezaguna da, eta berarekin batera Marcial Alvarez, Rafael Calatayud, Yoima Valdes, Sonia Almarcha, Angel Solo eta Adolfo Fernandez bera arituko dira.

Azken biak, Angel Solo eta Adolfo Fernandez, arduratu dira jatorrizko eleberria antzerkira moldatzeaz, bat ere erraza izan ez den lana, paisaia abstraktuak (antzerkirako desegokiak) eta izaera guztiz barnekoiak (antzerkirako are desegokiagoak) baitira nagusi istorioan. Hala ere, emaitza bikaina da, eta antzezlanak leialtasunez erakusten du eleberrian gora eta behera ari diren munstro ezagunen galeria, burbuilak eztanda egin ondoren baztertuta geratu ziren sasi-burgesen erakusketa kostunbrista, gaur egun oso erraz identifika ditzakegun pertsonaiak, mailegu lineak eta express aukerak eskaintzen zituen tipoa, jendea kaleratzen zuena, komisioak kobratzen zituena, etekinak lortzeko politikara hurbildu zena, etab.

Izan ere, En la orilla antzezlanak, ikus-entzuleak indar osoz harrapatzeko duen indarguneetako bat, gaur eguneko testuinguruan erabat sartuta egotea da, hemeroteketara joan (gaur egungo egoerari buruz hitz egiten da beti) eta elite intelektualetako kide izan behar barik. Horrela gertatzen zen eleberrian eta horrela gertatzen da antzezlanean. Bertan, Cesar Sarachuk egiten duen lanean, bera dena nabarmen azpimarratuta geratzen da: antzezle bikaina.

 

Sinopsia

Olbako urtegian gorpu bat aurkitu izanak jartzen du martxan narrazioa. Protagonistak, Estebanek, bera jabe zen aroztegia itxi behar izan du, berarentzat lanean ari zirenak langabezian utziz. Hilzorian dagoen aita gaixoa zaintzen duen bitartean, biktima eta borrero gisa, era bikoitzean, barneratu duen porrotaren zergatiak aztertzen ditu. Horren hondakinen artean, gizarte bat, mundu bat eta garai bat zuzendu duten balioak aurkitzen ditugu.

Ongizatea eta ongizate horrek ezinbestean duen alderantzizko aldea, diruzalekeria eta proiektu faltsuak, eraisketarako material bilakatuta. Estebanen, atributurik gabeko gizonaren, bizitza begiratzen den ispiluak, amets apurtuez eta ilusio galduez osatutako irudia itzultzen du. Ezer ez da gehiegizko grina horretatik kanpo geratu. Maitasuna, familia, adiskidetasuna eta gizarteko kodeak ere gutxi batzuen oturuntza horretako menuaren parte izan dira.

Ikuskizunerako sarrerak 8,50 eta 25 euro artean eskuratu daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.