Mikeldi idoloaren inguruan kultur jarduerak antolatu ditu Euskal Museoak

uriola.eus 2017ko mar. 21a, 15:30

Gatza ta Piperra jaialdi gastronomikoaren baitan hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskal Museoak hurrengo hiru larunbatetarako. Opera, antzerki eta jazz emanaldiak edari eta jatekoen artean gozatzeko aukera izango da Zazpi Kaleetako museoan.

Euskal Museoak bat egin du Gatza ta Piperra jaialdi gastronomikoarekin eta "piknik kulturalak" antolatu ditu klaustroan, Mikeldi idoloaren inguruan. Martxoaren 25ean hasita, elkarren segidako hiru larunbatetan tapaki gainean eserita eta jateko eta edatekoak faltako ez direlarik, "antzerkiaz, operaz edo jazzaz gozatzeko aukera" eskainiko du Euskal Museoak.

Zapatu honetan, hilak 25, opera emanaldia antolatu dute. Hurrengoan, apirilaren 1ean, antzerki obra eta 8an jazz kontzertua izango dira museoko klaustroan. Saio guztiak 19:30etik 21:00etara izango dira Euskal Museoan.

Jarduera hauetaz gozatzeko piknikerako tapakiak erosi beharko dira 1'5euroan, saioak hasi baino ordu erdi lehenago.