Arteen poesiaren eta filosofiaren erlazioa aztergai Bidebarrietan

uriola.eus 2017ko mai. 4a, 09:00

Kultura eta Pentsamendua programaren barruan antolatu dituzten lau topaketen artetik lehenengoa jasoko du datorren astelehenean, maiatzaren 8an, Bidebarrieta Kulturguneak. Aurten zortzigarren edizioa beteko duen eta 'Eta zergarako poetak…' izenburua daraman programaren xedea poesiaren eta filosofiaren arteko erlazioa izango da, sorkuntza poetikoak gogoetarako eta kritikarako materia sortzeko duen gaitasuna, batez ere.

Hitzaldiak Bidebarrietako Liburutegian izango dira, maiatzeko lau astelehenetan, 8, 15, 22 eta 29an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte, eta streamingez ere jarraitu ahal izango kulturguneatb.eus webgunetik.

Edizio honen izenburuak, 'Eta zertarako poetak...', Friedrich Hölderling egile alemanaren, Ogia era Ardoa lanaren pasarte bat aipatzen du. Bertan galdera hau egiten du egileak "...eta, zertarako poetak eskasia garaietan?". Erantzuna, bere iritziz, "irauten duena poetek sortzen dutela" da. Poesia, beraz, pentsamendu zorrotzenaren ubide eta ur-emari da eta, ondorioz, gogoetarako eta kritikarako ematen diren edukiak finkatzeko gai da.

Patxi Lanceros saiakeragile eta filosofian doktoreak aurkeztuko duen egitaraua datorren astelehenean, maiatzaren 8an, hasiko da, Helena Cortes Gabaudan Vigoko Unibertsitateko Hizkuntza eta Literatura Alemaneko irakaslearen eskutik. 'Orfeo es cuando canta: cuando la poesia supera a la filosofía' hitzaldia eskainiko du. Egin dituen lanen artean azpimarragarria da literatura eta filosofia itzultzaile gisa egindakoa, egile garrantzitsuak itzuliz, Goethe, Heidegger, Adorno, Schelling edo Hölderlin bera, besteak beste.

Ondoren Carlota Fernandez-Jauregui Rojas hurbilduko da, maiatzaren 15ean, 'Una antigua caida. Sobre los limites entre filosofia y comedia' hitzaldiarekin. Filologia Hispanikoan lizentziatua eta Europar Literaturan Doktorea Madrilgo Unibertsitate Autonomotik eta Literaturaren Teorian eta Literatura Alderatuan Lizentziatua Madrilgo Unibertsitate Konplutensetik, Fernandez-Jauregui Despalabro. Ensayos de Humanidades aldizkariko editorea da sortu zenetik.

Maiatzaren 22an Nuria Sanchez Madriden txanda izango da. Filosofian eta filologia klasikoan lizentziatua eta filosofian doktorea da. Duela ia 20 urtetik irakaskuntza lanak egiten ditu Madrilgo Unibertsitate Konplutenseko filosofia fakultatean. Aditua da pentsamendu aleman klasikoan, pentsamendu garaikidean, filosofia greziarraren historian eta ideia politikoen historian, arreta berezia eskainiz Kant, Aristoteles eta Hannah Arendt pentsalariei. Hain zuzen ere, bere hitzaldiaren izenburua 'Llamas, polvo y cenizas. Poesia como magia en Arendt' da.

Jon Kortazar Uriarte, Euskal Literatura katedraduna UPV/EHUn eta diziplina anitzeko intelektuala, izango da zikloa itxiko duena, maiatzaren 29an, euskaraz eskainiko duen 'Euskal Poesia: Filosofia, Estetika eta Aforismoa' hitzaldiarekin. Hitzaldia UPV/EHUko Javier Rojok aurkeztuko du. Gaur egun, Kortazar talde batekin ari da lanean Euskal Literatura Garaikidearen Historia argitalpenean. Lan horren sei liburuki argitaratu dira dagoeneko. Horrez gain, Euskal Liburutegi Elebiduna zuzentzen du, euskal egile garaikideen eta klasikoen itzulpenak eskaintzen dituen bilduma, dagoeneko hogei liburuki argitaratu dituena.

2010eko maiatzean martxan jarri zen Kultura eta Pentsamendua programaren helburua, gaurkotasuna duten gaiei buruzko gogoeta eta eztabaida gune bilakatzea da, egungo panoramako pentsalari handien ikuspuntu kritikotik. Krisia, utopia edo erlijioak izan dira aurreko edizioetan landu diren gaiak, eta jardunaldi horietan parte hartu dutenen artean, Alicia Puleo, Félix Duque, Concha Roldán, Rafael Argullol, Perfecto Andres Ibañez, Fernando Vallespin, Manuel Barrios eta Jose Luis Villacañas filosofoak eta pentsalarak daude, besteak beste.