Harrapazank 2017 lehiaketaren finala hartuko du asteburuan Bilborock aretoak

uriola.eus 2017ko mai. 4a, 09:30

Entseguak eta casting probak egiten hiru hilabete eman ondoren, asteburu honetan amaierara helduko da Harrapazank lehiaketaren XII. edizioa. Larunbatean, maiatzak 6, 19:00etatik aurrera, Senior kategoriako finala izango da eta igandean, maiatzak 7, 18:00etan hasita, Junior kategoriako finala. Final biak Bilborock aretoan ospatuko dituzte.

Harrapazank programaren barruan dagoen Distirazank lehiaketak sormena eta talentua sustatu nahi ditu, 9 eta 18 urte bitarteko bilbotarren artean, zenbait modalitateren bidez.

XII. edizio honetan 222 gaztek eta 73 taldek hartu dute parte. Junior modalitatean, 158 gaztetxok eta 42 taldek eta Senior modalitatean 64 gaztek eta 31 taldek. Kategoria bakoitzean 10 talde dira finalera heldu eta asteburu honetan Bilborock aretoan jardungo dutenak.

Junior galan, 10 talde arituko dira dantza, antzerki eta musika modalitateetan. Senior galan beste 10 talde, dantza, antzerki, musika eta olerki musikatuen kategorietan.

Miren Gaztañaga aurkezleak gidatuko ditu final biak. Horietan talentua duten zenbait gazte bilbotar arituko dira dantza, musika, antzerki zein magia egiten Bilborock aretoan. Sorpresa batzuk ere egongo dira final horietan.

Xabi Hoo, Ylenia Baglietto eta Ugaitz Alegria artistak dira epaimahaia osatzen dutenak eta lan zaila izango dute edizio honetako irabazleak aukeratzeko. Aurten, gainera, orain EITBn gazteentzako Bago!az telesailean ikus dezakegun Iholdi Beristain artista eta kantaria gonbidatu berezia izango da.

Kategoria bietan 10 talde finalista daude eta kategoria bakoitzean irabazleak 500 euro irabaziko ditu. Edonor sar daiteke doan Bilborock aretoan izango diren galetara, aretoko leku guztiak bete arte.

Harrapazank 2017

Harrapazank euskararen erabilera gazteen artean sustatu, esperientzia positibo eta parte hartzaileen bitartez gazteen motibazioan eragitea lortu eta gazteen gustuko ekintza parte hartzaile eta erakargarriak eskaintzera bideratutako egitasmoa da; hori gazteen kolektiboa protagonista izanik. Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailak bultzatzen du programa hau, euskararen sustapenerako bertako elkarteen federazioa den Euskaltzaleen Topagunearekin batera.

Harrapazank lehiaketaren aurtengo edizioan, 73 taldek eta 222 gaztek parte hartu dute. Gainera, 9 irakasle izan dira entseguetan: Ugaitz Alegria, Ines Bermejo, Eire Larrea, Andrea Covadonga, Urtza Zuazo, Jon Casamayor, Iñaki Maruri, Iratxe Urkiaga eta Koldo Olabarri.

Aurten sare sozialak baliatu ditu Harrapazank programak berriz ere gazte bilbotarren komunitatea sendotze aldera, eta horren lekuko da www.harrapazank.eus ataria. Web guneak sarrera berriak, bideoak eta argazkiak, eta sare sozialetara loturak jaso ditu eta parte-hartzaileen gurasoek beraiei zuzendutako atal bat izan dute ikusgai. Harrapazank programak kanal bat izan du Youtuben eta profilak Twitter, Facebook eta Instagram sare sozialetan.

Harrapazankek jarraipena izango du uda eta gero 

Orain diren Distirazank finalekin ez da amaituko Harrapazank programa. Aurreko urteotan emanaldiak izan ziren programaren amaiera. Aurten jarraipena izango du programak udazkenean. Hiru jarduera berri izango dira uda amaituta:

1. Selfie lehiaketa

Abenduaren 31ra arte selfieak bidal daitezke Harrapazankek Instagramen duen kontura. 'Gustukoa dut' sakatzeko aukera egongo da eta hilabete bakoitzean 'gustukoa dut' gehien duenak sari bat irabaziko du. Guztira hamabi betaurreko birtual banatuko dituzte, hilean bat. Irabazle suertatutako argazkiekin 2018ko Harrapazank egutegia egingo da.

Instagramen argazkiak eskegi eta lehiaketan parte hartu nahi duten gazteek hastadean hauxe jarri beharko dute: #Harrapazank #Dozena1selfie. Sari-banaketa abenduaren 2an, Bilborock aretoan, Harrapazank Txalofest jaian izango da.

2. Izarren hautsa akademia

Distirazank udazkenean ere izango da. 9 eta 18 urte bitarteko gazte bilbotarrek aukera izango dute akademia horretan parte hartzeko; hain zuzen, euren musika, dantza edo antzerkiko trebetasunak hobetzeko.

Urrian eta azaroan izango da Izarren Hautsa Akademia. Bilboko udaltegi batzuetan egingo dute. 60 gaztek parte hartu ahalko dute; saioak abenduaren 2an, Bilborocken eskainiko dituzte, Txalofest jaian. Bideoklip bat ere grabatu ahalko dute.

3. Klikazank lehiaketa

Hirugarren nobedadea aurten internet bidezko Klikazank lehiaketa izango da. Programa honen helburua teknologiek euskaraz eskaintzen dituzten baliabide ludikoak ezagutzera ematea da.

Lehiaketa urrian eta azaroan izango da. Parte-hartzaileek galdera batzuei erantzun beharko diete denbora-tarte jakin batean APP, web-orri zein programa batzuetan ezagutzan sakonduta, horien erabilera sustatzeko. Emaitzak posta elektronikoz bidali beharko dira. Gazteak 12 urtetik gorakoak izan behako dira eta abenduaren 2an Harrapazank Txalofest jaian teknologia berriekin zerikusia duen sari bat irabazteko aukera izango dute.