BLV-Art programaren helburua Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoak artearen bitartez eraldatzea eta norbanako zein kolektiboak kultura eta sormenaren inguruan bildu eta lankidetzara bultzatzea da. Aurten ere Arty Walks jarduera jasoko du, bertako arte eta sorkuntza espazioetan barna gauzatzen diren bisita gidatuak.
Ekainaren 9 eta 10ean, ostiral eta larunbata, auzoaren eraldaketan parte hartu duten artistekin elkarrekintzan aritzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Horretarako, aurrez izena eman behar da www.kulturabarrutik.eus webgunean.
Bisitak partaidetzan oinarrituak izango dira, eta erakusketetan artistekin euren artelanei buruz hitz egiteko aukera egongo da. Saio bakoitzean auzoaren etengabeko eraldaketak inguruan sortzen ari den "arte erkidegoaren" garapenean izandako eragina azalduko da.
Goizez zein arratsaldez izango dira ordubete eta erdiko bisitak. Euskarazko saio bakarra ekainaren 10ean, larunbata, Bilborockeko kanpoaldetik habiatuko da 11:50ean. Bisita honen ibilbidea gune hauetatik zehar igaroko da: Anti Liburudenda, La Karpinteria, Trucarec + Tunipanea, Andoni Euba, La Pepita/Eskina Femenina, Recrea2 eta amaitzeko Sarean.
Aurtengo berrikuntzak
Aurreko edizioetan parte hartu duten La Karpinteria, Trucarec + Tunipanea, SC Gallery, Anti Liburudenda eta Sarean espazio ezagunez gain, aurtengoan ekimen gehiago sartu dira bisiten programan. Hauen artean Okela, Euskadiko arte garaikidea aktibatzeko sortutako irabazi asmorik gabeko espazioa; Andoni Euba artista bilbotarraren estudioa; Recrea2 birziklapenaren filosofian oinarrituta diseinatzen duen enpresa artisaua; eta La Pepita / Eskina Femenina, emakumeek egindako rap-a ezagutarazteko espazioa.
Argazki lehiaketa
Urtero bezala, ibilbideetara gerturatzen direnek BLV-Art jaialdiaren izpiritua irudikatzea helburu duen argazki lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute. Irudien kalitate eta teknika baino, hauen bitartez irudikatutako ideiak sarituko ditu epaimahaiak. Lehenengo saria Sarean jatetxean bi pertsonentzako afaria izango da, bigarrena TrucaRec-en hiru orduko birziklatze-tailerra eta hirugarrena Recrea2eko eskuko poltsa bat.