Maiatzak 2ko azokak egun handia zuen larunbatekoa. Antolatzaileek egun osoko egitarau oparoa antolatu zuten, Maiatzak bi, Lamana eta Castro Jenerala kaleak jendez bete zituena. Hileroko azokaz gain, tailerrak, flashmobak, Food Truck-ak, Djak, Jazz kalejira, kontzertuak eta betiko giro ona izan zituzten San Frantziskoko kaleetan. Gainera Mazmorra talde bilbotarrak lehen kontzertua eman zuen Castro Jenerala kalean.
Maiatzak 2ko azokaz gain, San Frantsiskoko Udaberriko Euskal Jaia ere antolatu zuten auzokideek. Goizean umeentzako jolasak, Mintzatu App tailerra, zuzeneko musika, parrillada, erromeria ibiltaria eta txistulariak izan zituzten. Eguerdian Iratxe Ibarra eta Gorka Lazkanok bertsoz girotu zuten Sarean gunean egindako bazkaria. Bazkalostean ipuin kontalariak, kale antzerkia, berbalapikoa, zozketa eta herri kirolak izan ziren, eta Euskal jaiari amaiera emateko Euskal Dub Etxea Sound Systema, Aneguria eta Gorka Suaiak musikaz busti zituzten auzoko kaleak.
Bi ospakizunek bat eginda jendetza bildu zen San Frantziskon larunbatean, eta giro paregabea sortu zuten bertaratu ziren guztien artean.