Vhäldemarek eta hasiberriak diren beste bi taldek kontzertua eskainiko dute 'Let´s Jo!' programaren baitan

uriola.eus 2017ko mai. 11a, 12:00

Euskal Herriko metalaren erreferentziako taldeak, Vhäldemar, EP berria aurkeztuko du bihar, maiatzak 12, 22:00etan Bilborocken. Kontzertua Ossyris eta Beyond His Faith taldeek irekiko dute. Bi talde hauek ‘Let´s Jo!' ekimeneko irabazleak dira.

Bilboko lau talde hasiberrik irabazi dute Bilborockeko kontzertu banatan aritzeko aukera. Izan ere, talde berriak eta joera musikalak ezagutzeko leku paregabea da Let’s Jo! udal programa.

Ekimen honen bidez, musikaren munduan hasten ari diren pertsonak animatu nahi dira eta 15 eta 35 urte bitarteko gaztez osatutako Bilboko musika talde hasiberriei ikusleen aurrean jotzeko eta beren lanak plazaratzeko aukera ematen zaie tokiko areto garrantzitsuenean.

Horrela, bada, urtarrilean talde hasiberrien maratoia egin zen Bilborocken eta martxoaren 31n The Riff Truckers taldea (2010eko Bilbo Hiria Pop-Rock Lehiaketako pop-rock kategoriako lehen saria lortu zuena) Bonzo eta Lehen Taldea banda hasiberriekin aritu zen. Azken bi horiek 'Let’s Jo!' programaren bidez aukeratu ziren.

Oraingoan, hitzordua bihar, ostirala, maiatzak 12, izango da, gaueko 22:00etan. Karteleko izen nagusia Vháldemar izango da, Bizkaiko heavy/power metaleko taldea. Bere lehen diskoa 'Fight to the End' (2002) Europan, Japonian, Errusian, Ipar Amerikan eta Hego Amerikan argitaratu zen, eta Brasilen Heavy Metaleko atzerriko talderik onena zela bozkatu zuten. Metal arloko zenbait aldizkari ospetsuen arabera, lan hori urteko estreinaldiko diskorik onena izan zen. Gero, 'I Made My Own Hell' (2003), 'Metal of the World' (2010) eta 'Shadows of Combat' (2013) diskoak atera zituzten. Hainbat jaialdi ospetsutan aritu izan dira, adibidez BBK Live (2007) eta Leyendas Del Rock (2012). Gaur egun 'Old King´s Visions' izeneko EP digipack-a atera dute. Bertan dauden bost abestiak aurtengo urrian kaleratuko duten 'Against All Kings' disko berriaren aurrerapena dira.

Kontzertua irekiko dute Ossyris eta Beyond His Faith taldeek. Lehenengoaren ibilbidean 'Renacer' diskoa dago (2015), power eta trash ukituekin, eta bigarrena metal ildotik mugitzen den talde gaztea da.

Ekitaldia doakoa da eta zuzeneko musikaz gozatu nahi duten guztiak joan daitezke goraka doazen mugimendu musikalak zeintzuk diren jakiteko, aretoa bete arte.

Kontzertua gauerdira arte luzatuko da eta #BilbaoGazteNight gazteentzako gaueko aisialdirako eskaintzaren barruan dago.

Bilbao Gazte

Bilbao Gazte udal gobernuaren konpromiso estrategikoa da eta bere helburua gazte bilbotarren iritziak, beharrizanak eta itxaropenak zeintzuk diren jakitea da, horiek guztiak udal politikan sartzeko eta bizitza publikoan parte hartzeko bideak emateko.

Horretarako, Udalak komunikazioko tresna berriak prestatu ditu: sare sozialetako profilak (Facebook, Twitter, Google + eta Youtube) eta webgune bat gazteengan eragina daukaten politika espezifikoei buruzko informazio erabilgarria emateko.