Khea Ziater konpainiak Monteverdiren Madrigalei buruzko ikuskizun berri bat eskainiko du

uriola.eus 2017ko mai. 15a, 09:00

Arriaga Antzokiko eszenatokiak, jaio zenetik 450 urte betetzen direnean Claudio Monteverdi (Cremona, 1567 – Venezia 1643) konposatzaile italiarraren figura gogorarazten duen zikloaren hirugarren jardunaldia jasoko du. Khea Ziater konpainiak, Alex Gerediagaren zuzendaritzapean, Monteverdirengana hurbiltzeko modu desberdina proposatzen du. Izan ere, eszena zuzendaritzatik beti erakusten duen ikuspegi berritzaileak –orain denbora gutxi Malmö pieza ausarta ikusi ahal izan genuen Arriagan– harrituta utziko ditu, ostiralean, maiatzaren 19an, edo larunbatean, maiatzaren 20an, egun bietan arratsaldeko 20:00etan, ikuskizuna jarraitzera hurbiltzen diren ikus-entzuleak.

Ikuskizuna Quarto Libro dei Madrigali a cinque voci izenekoan, 1603an Venezian argitaratu zen eta Gian Battista Guariniren, Ottavio Rinucciniren eta Giovanni Boccaccioren poemetan oinarritutako testuak dituen Monteverdiren zortzi Madrigal liburuen artetik laugarrenean, dago inspiratuta.

Monteverdiren Madrigalen laugarren liburua eta haren edertasun asaldagarria, pertsonaia protagonistaren ekaitz isila elikatzen duen soinuaren euskarri bilakatzen dira lan honetan. Alex Gerediagak berak egin duen ikuskizunaren dramaturgiak sakondu egiten du zine erako narrazioa, apustu eszenikoaren gakoak bilatzeko, Khea Ziaterren ohiko linearekin leiala den estiloarekin. Izan ere, konpainiaren erronka nagusia, zirrikitu guztiak aurkitzea eta kontuz ibiltzea da, Monteverdiren musikak eskaintzen duen horretan integratzeko orduan taldearen baliabideak ondo aprobetxatu ahal izateko. Horrela, eszenak bikain uztartu eta josi dituzte beraien tresnak erabiliz, hau da: bideoa, argazkia, soinua, argia, testuak eta, jakina, Madrigalak.

Eszenatokian antzezle bat, Arrate Etxeberria eta ikuskizun honetarako beren beregi sortutako ahots talde bat, Segreto a voci, Carlos Imazen musika zuzendaritzarekin, Ana Otxoa eta Ana Begoña Hernandez sopranoek, Alicia Manceras mezzosopranoak, Koldo Villar tenoreak eta Mikel Zabala baxuak osatutakoa. Guztien interpretazioarekin ikus-entzuleak hunkitu egingo dira, giza izaerarekin erlazionatutako gaiak lantzen dituen eta premiazko dilema filosofikoan oinarritzen den lanarekin: pertsonen bakardadea, bizitzeko edo hiltzeko erabakiaren aurrean.

Sinopsia

Emakume bat bere bakardadearen amildegiaren aurrean. Bizitzeko edo hiltzeko erabakiaren aurrean. Aingeruen eta deabruen ahotsak inguruan. Heriotza azken amodio gisa, bihotzaren isiltasunean sortzen den azken erromantze gisa.

Monteverdiri eskainitako zikloa

Arriaga Antzokiak, Monteverdiren jaiotzaren 450. urteurrena ospatzeko bultzatu duen zikloa, egile italiarraren Madrigalei dago eskainita. Alderdi hori zortzi liburutan landu zuen, eta 2017 honetan lehenengo lauak eskainiko dira. Martxoan, KEA Ahots taldeak Madrigalen arteko lehenengoa eskaini zuen, eta apirilean, Euskal Barrokensemblek hirugarren liburuaren bere ikuspegia eskaini zuen. Bi proposamen haiek foyerrean gauzatu ziren. Hurrengo biak berriz, asteburu honetakoa barne, eszenatokian eskainiko dira.

Claudio Giovanni Monteverdi (Cremona, 1567 – Venezia 1643) Errenazimenduko eta Barrokoko musikaren arteko trantsizioak eman zuen figura garrantzitsuena da. Historiako lehen operatzat hartzen dena idatzi zuen: L’Orfeo. Bere konposizio lanek ezin hobeto uztartzen dituzte harmoniak eta disonantziak, soinu emaitza paregabea lortuz.

Ikuskizunerako sarrerak 13 eta 18 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.