Parrapean, euskarazko komikien jaialdi berria

bertonaldizkaria 2014ko urr. 29a, 08:30

Lehen aldiz ospatuko da Parrapean Komiki Egunak jaialdia. Azaroaren 27an, 28an eta 29an izango da Santutxu-Begoñako barrutian. Komikiak euskaraz kontatzeko moduaren inguruko tailerrak, hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte Udaleko Kultura saileko lagunek. Lehenengo edizio hau gutxiengoko hizkuntzetan argitaratutako komikietan zentratuko da.

Jailadiaren inguruan ezagutzera eman den lehen egitasmoa Euskarazko Parrapean I. Komiki Lehiaketa da. 14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta lehiaketa, hain zuzen ere. Begoñako liburutegian lan jatorrizkoak eta argitaratu bakoak aurkezteko epea urriaren 15etik azaroaren 15era luzatuko da.

Interesatuta dauden pertsonek banaka edo taldean hartu ahal izango dute parte. Komiki kategoria bakarra egongo da, euskaraz edo testu barik. Gaiak eta teknika libreak izango dira, baina istorioak jatorrizkoa eta argitaratu bakoa izan beharko du, eta kolorez edo zuri beltzean egin ahal izango da. Lanek bi orrialde izango dituzte, A4 formatuan (bertikalean), eta posible izango da marrazkiak eskuz egitea edo teknika digitalak erabili eta komikia jpg formatuan aurkeztea, CD batean.

Lanak eskuz edo posta arruntez aurkeztu ahal izango da, urriaren 15etik azaroaren 15era Begoñako Udal Liburutegian. Antolatzaileek, jaialdiaren amaiera ekitaldian, azaroaren 29an, Begoñako udaltegian, banatuko diren hiru sari ezarri ditu. Sarituek zenbait marrazki eta informatika material jasoko dute, diploma batez gain, eta komiki irabazlea bertako BERTON aldizkarian argitaratuko da.

Deialdiaren oinarri osoak interesatuta dauden pertsonen esku daude www.kulturabarrutik.net webgunean.