Begoñako Andra Marik erretiroa hartuko du urriaren 11an

Inozentzio Etxebarria 2019ko abe. 28a, 10:00

Albisteak ustekabean harrapatu ditu Udala eta Bizkaiko Elizbarrutia eta elkarlanean dihardute ordezkoa topatzeko asmoz.

2020ko urriaren 11an Begoñako Andra Mari azkenengoz izango da jarduneko Bizkaiko Zaindaria. Bizkaia Irratian eskainitako elkarrizketa batean kontatu du gaur goizean. Adinak eta pentsioen beherakadak erretiroa hartzeko erabakian eragina izan dute: “beharrean hasi nintzanetik mundua zeharo aldatu da eta gazteei leku egin behar yake, gainera, hobe da gaur jubilatzea, bihar ez dakigulako zelako pentsioa jasoko dogun”. Azken lan-egunagatik galdetuta, betiko lagunei agur esateko aukera izatea espero du Begoñak, oso eskertuta dagoelako: “Urriaren 11 berezia izango da eta akorduan euki gurako neukez egunik egun eleizara etortzen direnak”. Instituzioaren krisiak hizpide izan du elkarrizketan, “gauza jakina da eleizetara gero eta jende gutxiago joaten dala eta joerari buelta emoteko ideia barriak eta jende gaztea behar doguz”. Bere ordezkoari buruz ez du izenik eman; baztertu bai, ordea: “jubilatu eta hurrengo egunera Pilar Eguna da, polita litzeke jairik jai ibiltea. Zoritxarrez, ez daki euskara”. Etorkizunean jarrita du begirada Begoñak, “egingo dodan lehenengo gauza izango da Insersoan izena emotea, Tenerife eta Xixon ezagutzeko gogoz nago”. Nolanahi ere, patroia izateri utzi aurretik, Athleticen titulu bat ikusi nahiko lukeela aitortu du, “ez da kasualidadea Adurizegaz batera jubilatzea, amaiera ederra izango litzeke”.

Ordezkoa bilatzeko epea zabalik

Albisteak sorpresaz harrapatu ditu Bilboko Udala eta Bizkaiko Elizbarrutia. “Zeozer sumatzen genuen, baina ez genuen uste 2020an erretiroa hartuko zuenik”, azaldu du Juan Mari Aburto alkateak. Bi erakundeak elkarlanean daude ordezkoa topatzeko. “Bizkaiko Zaindariaren lana fedetik harago doa eta gure beharra da pertsona egokia bilatzea”, adierazi du Aburtok. Baldintzen-agiria otsailerako prest izango nahiko lukete, Zaindari berria lanean berehala has dadin. Mario Iceta gotzainaren hitzetan, “trantsizioa ahalik eta azkarren egitea nahiko genuke” eta Udalari laguntzeko prest agertu da. Bien bitartean, Bilboko Udalak ohorezko bilbotarra izendatu du Ama Birjina eta iragarri dute abuztuaren 15ean omenaldia egingo diotela alkateak aurreskua dantza egin ostean.