Bakearen Nazioarteko Egunaren harira, bakea eta desmilitarizazioaren aldeko ekintzak antolatu ditu GERRARIK EZ plataformak

uriola.eus 2023ko ira. 21a, 14:46
Argazkia: Ecuador Etxea

Gaur 19:00etan La Bolsa eraikinean egingo den mahai-inguruarekin emango diote hasiera datorren hileetan zehar izango diren ekintzei.

Gerrarik Ez plataformak gaur, Bakearen Nazioarteko Egunean, antimilitarismoaren eta bizikidetza baketsuaren aldeko ekintza plana aurkeztu du. Gaur egun Europa murgilduta dagoen borroka armatuaren aurrean, gobernuek gatazka luzatu eta eskalatzeko duten joerak salatu ditu plataformak, industria militarra eta energetikoa egoeraren kontura aberasten diren bitartean. Hontaz gain, gerra egoera eskubide soziolaboralak murrizteko, klima aldaketaren aurkako neurriak eragozteko, balio militaristak eta matxistak hedatzeko zein errefuxiatu eta migratzaileen aurkako politika arrazistak ezartzeko erabiltzea aurpegiratzen die Europako gobernuei.

Honen aurrean, Gerrarik Ez plataformak gerraren aurkako sinadura bilketa egingo du datozen hilabeteetan, bakea eta desmilitarizazioa sustatzeko beste hainbat ekimenekin batera. Lehenengo saioa gaur bertan, 19:00etan emango da Bilboko La Bolsa Gizarte Etxean, ELA, Ongi Etorri Errefuxiatuak, LAB, Gerrerik Ez- Araba, Ernai, STEILAS eta CGT sindikatuen partaidetzarekin.