Triki-punk hots berriak Xaiko taldearen lehen diskoan

uriola.eus 2014ko mar. 18a, 10:00

Bi buru ditu Xaiko talde berriak. Bikote bitxia lidertzan. Trikiti eta erromeria mundutik datorren Xabi Arakama eta Kaos Etiliko eta Kaotiko taldeetan aritutako David Aguayo. Azken honek erronka bikoitza hartu du beregain, batetik kantatzekoa eta bestetik euskaraz ere kantatzekoa.

Psycho Therapy da Ramones taldearen abesti ezagunenetako bat. Gustuko dute bai Xabi Arakamak bai David Aguayok eta hortik abiatuta jarri diote osatu berri duten Xaiko taldearen lehen diskoari (Baga-Biga, 2014) ‘Therapy’ izena. Azalean zoroetxe bateko pasabide baten argazkia ere aurki daiteke irudi nagusi bezala.

Musikaren zoro dira Xabi eta David. Euren artean sarri eta luze hitz egin dute, soinu probetan, zuzenekoetan jo ondoren eta abar. Horrelako egoera batean elkarri mila aldiz aipatu eta gero ea noiz joko zute batera, aurrera egin zuten, eta Xaiko da horren emaitza. “Triki-punk-jaia” bezala definitu dute Xaikoren musika. Punka da ildo nagusia baina rocka, ska eta hardcore ukituekin. Zuzen, indartsu eta garbi mintzo dira Xaikoren letrak. “Bikain astinduko ditu taldeak gizarte kapitalistaren barrenak”. Kritika soziala eta politikoa, alaitzeko eta pentsarazteko musika. Hitz guztiak Daviden eztarritik irteten dira. Gitarrara eta gaztelaniara ohituago egon arren, ausarki eta dotore eutsi dio euskaraz abestearen erronkari.

‘Therapy’ diskoa urtarrilean hasi eta otsailean bukatu zuten grabatzen Higain estudioetan (Usurbil) Haritz Harreguy teknikariarekin. Musika eta hitz guztiak, salbuespen bakar batzuk salbu, Aguayok eta Arakamak egin dituzte.

Taldeak zortzikote formatua du. Aipatutako bi buruez gain, Alnfonso Aguayo, Haitz Bujanda, Asier J. Sanchez Rexach, Xabi Zelaia, Mikel Sanz eta Joel Marquez Sanchezek osatzen dute. Lehen kontzertua ostegunean eskainiko dute, martxoak 20, Kafe Antzokian.