Aiko Taldearen erromeriak ospatuko dira Udaberrian Bizkaia Aretoan

uriola.eus 2014ko mar. 21a, 07:30

`Udaberriko Dantzaldiak´ egitasmoaren lehen erromeria ospatuko du gaur arratsaldean Aiko Taldeak Kulturbasqueren lankidetzarekin. Zuzeneko musikarekin, publiko orori zabalik dauden erromeriak dira Abandoibarrako UPV/EHUko Bizakia Aretoan egingo dituztenak. Erromeriak ostiral guztietan arratsaldeko zazpietan ospatuko dira, lehena gaur, eta apirilaren 4an eta maiatzaren 16an besteak.

 ‘Udaberriko Dantzaldiak’ programak, dantzarako espazio berriak sortzeko eta euskal doinu eta herri dantzak modu berezi eta ahalik eta parte hartze jendetsuenarekin partekatu eta gozatu ahal izateko, taldeko filosofiarekin bat egiten du. Horrela, Euskal Herriko Unibertsitatearen eskutik,  Bizkaiko Campuseko Kulturbasque kultur jardueren barruan,  geroz eta jende gehiagok naturaltasun osoz musika eta dantza tradizionala gozatu ahal izateko, AIKO Taldeak Bizkaiko hiriburura proposamen dibertigarria dakar, beti egin den moduaren ildotik. Bizkaia Aretoak interesa duen orori ateak zabaltzen dizkio dantzarekin gozatzeko, metodologia egokia jarraituz eta Bilbo erdigunean bertan luxuzko kokagune honetan.

‘Udaberriko Dantzaldiak’ publiko orori zabalik daude, gaitasuna eta ezagutza kontutan hartu gabe. Erromerietan AIKO Taldeko musika eta dantza maisuek ematen diete laguntza lehen aldiz parte hartzen dutenei eta era honetan, berehala jasotzen dute oinarrizko trebetasuna. Helburua antzinako herri ospakizunetan dantzatzen zen modura bueltatzea da non, mjende guztiak parte hartzen zuen, bakoitzaren trebetasunari begiratu gabe.