28 gazteen epaiketa

28 gazteen aurkako epaiketa gaur goizean hasiko da Madrilen

uriola.eus 2014ko ira. 22a, 10:45

Gaur emango zaio hasiera Madrilen 28 gazte independentisten aurkako epaiketari. Xabat eta Ikoitz auziperatu santutxuarrak bertan daude dagoeneko, eta beste asko, Loiolako Aske Gunean geratu dira; 10:30ean prentsaurrekoa emango dute. 

Angela Murillo buru duen Auzitegi Nazionaleko 4. Zigor Salan emango zaio hasiera gaur goizean, 28 gazteen aurkako prozesuari. Guztiei, segiko kide izatea leporatzen diete eta seina urteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat.

2010eko polizia operazio batean atxilotu zituzten 28 gazte independentistak eta gehienek torturak salatu zituzten. Auziperatu gehienak Madrilen daude atzotik baina beste batzuk, Aske Gunean geratu dira, epaiketara ez joateko erabakia hartu duten gazteak babesteko gunean.

Ikoitz Arresek, Twitter bidez duela minutu gutxi jakinarazi duenez, auzitegi sarreran zeuden (dagoeneko barruan daude) eta euren "jardun politikoa epaitu nahi badute ere, konponbidearen aldeko mezua" eraman dute Madrilera.

Loiolako Aske Gunea

Loiolako basilikaren aurrean Aske Gunean martxa da atzotik, auziperatuei babesa agertu eta haien askatasuna exijitzeko. Ekintza ugari egin dituzte eta hainbat auziperatuk bertan igaro dute gaua; 10:30ean, agerraldia emango dute.

Manifestazioa Santutxun

Xabat Moran eta Ikoitz Arrese gazteei, zein beste guztiei, babesa helarazteko, gaur arratsaldean, 20:00etan, manifestazioa abiatuko da Karmelo plazatik "ikoitz eta Xabat libre" lelopean.