Protesta eskubidearen "heriotzari" omenaldia gaur arratsaldean

uriola.eus 2015ko mar. 5a, 08:00

"Gizartea kriminalizatzeko hamaika ahaleginen ondorioz eta gaixotasun luzea jasan ondoren, Protesta Eskubidea hil da azkenik, Zigor Kodearen erreformaren ostean eta Herritarren Segurtasun legea onartu ondoren".

'Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma'-k adiskide eta senitartekoak "gonbidatzen ditu" gaur, hilak 5, Bilbon, Plaza Biribilean egingo den "omenaldirako", 19:30an.

Plataformak "berpizteko gogoz" bertaratzeko deia zabaldu du jendartean.

 

Plataforma

Hainbat eta hainbat kolektibo sozial 'Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma' osatzeko elkartu dira. Plataforma joan den astean Areatzan prentsaurrean aurkeztu zuten. 'Mozal lege' direlakoak salatzeko jaio da plataforma, eta bertako kideek Bilbon martxoaren 28an antolatu duten manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak eta kolektiboak.

Herritarrak koxka bat gehiago estutuko dituela", nabarmendu dute. "Edozein auzokide bilakatuko da susmagarri, polizia-agente halako batek uste baldin badu delitu bat egitekotan dagoela, delitua bera gertatzeko beharrik ez dagoela". Adierazi dutenez, "hartara, ez dira gertakariak soilik kriminalizatuko, zenbait giza-talde kriminalizatuko dira aurrez: migranteak, aktibistak edo baliabiderik gabeko pertsonak kasu, edo halako taldeekin elkartasuna adierazten duen edozein".

Plataformako kideen arabera, "neurri hauek ez dira berriak Euskal Herrian" eta "ezin dugu onartu beldurraren bidez, zigorraren bidez eta errepresioaren bidez, kaleak hustea". Horregatik, antolatuta jarraitzeko gonbitea egin diete herritarrei eta kalera ateratzea proposatu dute, "urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduz".

Hilabeteotan 'Mozal Lege' izena hartu duten legeen bozketak egiten ari dira Espainiako Senatuan: 'Herritarren Segurtasunerako Legea eta Kode Penalaren Erreforma' bozkatzen, alegia. "Bada, plataforma hau jaio da halakoen aurrean herritarren aldetik erantzun bat emateko eta sentsibilizatzeko helburuarekin".

Hainbat ekintza burutuko dituzte "ekintza politikoaren errepresioaren gorakadaren inguruko eztabaida" kalera eramateko. "Gizartearen aldarrikapenek gizartearen hainbat aldaketa eragin dituzte", baieztatu dute kolektibo sozialek. "Beti egon dira metodo errepresiboak aldarrikapen politikoei oztopoak jartzeko, baina halakoek ez dituzte mobilizazioak eten". Martxoan egingo dituzten ekintzen bidez, herritarrak animatu nahi dituzte, "beldurrik gabe jarrai dezaten eta errepresioak eta zigorrak geldi ez ditzaten".

 

[2015/02/26] 'Mozal legeari' aurre egiteko mobilizaziorako deia egin du gizarte eragileen plataforma berriak

[2015/02/26] 'Mozal legea' salatzeko 'Herritarren kriminalizazioaren aurkako plataforma' aurkeztu dute gaur