Bizkaiko Ikasle Eztanda: "Inoiz baino gehiago gure hezkuntza propioa aldarrikatu behar dugu"

uriola.eus 2015ko mar. 18a, 12:35
Argazkiak: @IkasleEztanda

2.000 ikasle inguruk erantzun diote Bizkaiko Ikasle Eztanda osatzen duten ikasle, asanblada eta antolakundeek egindako greba deiari. 'Hezkuntza herritik herriarentzat' lelopean manifestatu dira Bilboko kaleetan Hezkuntza ordezkaritzaren egoitzara arte 'Arkatz gorrien martxa'-ri amaiera emanez. 

Bilboko kaleetan manifestazioa eginez bukatutzat jo dute martxoaren 2an hasi eta Bizkaia osoan herriz herri zabaldu den 'Arkatz gorrien martxa'. Ikasgunez ikasgune, Bizkaia "LOMCErik gabeko eskualdea" izan da bi astetan. Horrela Bizkaiko Ikasle Eztanda osatzen duten ikasle, asanblada eta antolakundeak "LOMCE ez ezartzera konprometitu gara" -besteak beste, errebalida ez egitera eta eduki arrotzak ez ematera- eta aldi berean, "klase ordu alternatiboak eskaini eta ezezkoaren borrokatik eraikitzera igaro gara".

La Casillan hasitako protestaldia Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako ordezkaritzaren aurrean amaitu da. Ikasle Abertzaleak erakundearen arabera 2.000 ikasle inguru Kale Nagusian, errepidean, eseri direnean. Ikasleen ordezkari talde bat Bizkaian Hezkuntzako Lurralde Delegatu den Ana Isabel Ferriren batzartzea lortu du.

Ferrirekin izandako hizketaldian Heziberri proiektua kritikatu dute ikasleek "LOMCE legea ia osotasunean ezartzea ahalbidetzen duelako". Hasieran, EAJk LOMCEren aurrean "aurkakotasun jarrera adierazi zuen arren", egun, Hezkuntza sailaren Heziberri proiektuak Wert ministroaren erreformari bidea errazten dio. Eta ondorioz, "kurtso honetan LOMCE aplikatzen hasi dira hainbat lekutan, eta hurrengo kurtsoan Bigarren Hezkuntzan aplikatuta egotea espero dute".

"Inoiz baino gehiago, gure hezkuntza propioa aldarrikatu behar dugu"

"Berriro ere", joan den otsailaren 26an egin bezala, gaur ere Bizkaiko ikasleak kalera atera dira "ez dugulako LOMCE inposa diezaguten utziko. Ez dugulako gure ahotsa isilaraz dezaten utziko. Eta ez badaude prest gu entzuteko, ohiukatu egingo dugulako, beldurrik gabe, berriro ere, ez garela burumakur geratuko. Aurrean izango gaituztela eta ez dugula etsiko azkenik herrialde honetan herritik eta herriarentzako hezkuntza lortu arte. Ez gara haien beldur, badakigulako bereziki LOMCE jada gainean dugun azken hilabete hauetan, inoiz baino gehiago, gure hezkuntza propioa aldarrikatu behar dugula".

 

[2015/03/18] Ikasleek greba eta 'eztanda' egingo dute 'Arkatz gorrien martxa'-ri amaiera emateko

[2015/02/17] 'Arkatz gorrien martxa' deitu du Bizkaiko Ikasle Eztandak