Askapeña konpartsa babesteko dei bateratua egingo dute jai herrikoetako eragileek

uriola.eus 2015ko api. 20a, 10:08

Bilboko Konpartsekin batera prentsaurrekoa emango du Askapeña konpartsak bere egoera plazaratzeko ostegunean, hilak 23. Agerraldian Bilbotik kanpoko jai batzordeek ere parte hartuko dute.

2010ean Askapenaren kontra egin zuten polizia operazioaren ostean —zortzi lagun atxilotu zituzten—, aurtengo otsailean eman du ezagutzera fiskalak akusazio zehatza: seina urteko espetxe zigorra eskatu du Askapenako bost kiderentzat, eta legez kanpo uztea haren jarduna. Horrez gain, Bilboko Askapeña konpartsa, Herriak Aske eta Elkartruke elkarteak legez kanpo uzteko eta desegiteko eskatu du fiskalak.

Estatu espainiarraren "izaera inperialista" salatzeagatik legez kanpo utzi nahi dutela Askapena adierazi du Unai Vazquez Askapenako kideak. Azken urteok erakundearen lanaren berri zabaltzen eman dute bertako kideek. Taldearen sorrera, kanpainak eta bilakaera laburbiltzen duten bideoak ekoitzi dituzte 'Ilegalizatu nahi duten internazionalismoa' izenburupean.

Polizia operazioa, atxiloketa eta fiskaltzaren akusazioen aurrean, hainbat lagun, talde eta erakundek babestu dituzte bai Askapena bai Bilboko Askapeña konpartsa, Herriak Aske eta Elkartruke elkartea ere. Euskal Herrian 50 eragile sozial, politiko eta sindikal baina gehiagok adierazi diete beraien atxikimendua. Nazioartean berriz, munduko txoko ezberdinetako 100 eragile eta norbanako baino gehiagoren babesa jaso dute. 

'Jai herrikoiak libre, Askapeña aurrera' leloa zabaltzeko konpartsakideek izan dituzten abagune guztiak baliatu dituzte konpartsaren balizko desegite arriskua dela eta. Aste Nagusian, Inauterietan zein Bilbon izan diren ekintza garrantzitsuetan 'Askapeña aurrera' mezua ozen oihukatu dute.

Ostegun honetan, apirilak 23, Burtsa auzo etxeko ganbaran goizeko 11:00etan emango dute prentsaurrea Askapeña konpartsako kideek. Agerraldian jai herrikoietako hainbat ordezkariren babesa jasoko dute, besteak beste, Bilboko Konpartsak federazioarena, Donostiko Piratena, Gasteizko Txosnena edota Gora Iruñearena. Askapeñak bere egungo egoera eta aurrera bidean emango dituen urratsak azalduko ditu bertan.

 

Askapena

1987an jaiotako euskal erakunde internazionalista da Askapena. Euskal Herrian "beste herrientzako elkartasuna piztea, ideologikoki borrokatzea, mobilizatzea eta elkartasun jarrerak garatuaraztea" du lan ildotzat, eta era berean, munduko beste herrietan "Euskal Herriaren askapen borrokarekiko elkartasuna piztea, laguntzea eta bultzatzea". Globalizazioaren Aurkako Mugimenduan parte hartu eta bi norabideetan eragitea da Askapenaren hirugarren lan ildoa, "batetik Euskal Herriaren presentzia eta ahots propioa landuz, eta bestetik, askapen borrokan ari diren herrien aldeko jarrerak eta lanketak eginez".

www.askapena.org

 

Askapeña konpartsa

Bilboko jaiak 70. hamarkadako bukaeran sortu ziren EMKak egin zuen proposamenari esker eta Txomin Barullo konpartsa izan zen hortik sortutako lehen konpartsa. Denborarekin herritarrek jai herrikoi eta parte hartzaileetan hartzen zuen parte konpartsa desberdinei esker, kolorez eta ilusioz jantziz Bilboko sasoi hartako ingurugiro eta momentu ilunak. Denbora aurrera joan ahala herritarrek filosofia desberdinetako konpartsak hasi ziren sortzen; euskaltzaleak, auzokoak, ekologistak… eta 1991. urtean Askapeña, "Bilboko lehen konpartsa internazionalista" hasi zen martxan "gogoz, ilusioz eta Euskal Herriak herrien arteko elkartasuna modu alaitsu, parrandazale, herrikoi eta parte-hartzailearen bitartez lantzeko asmoz, filosofia euskaldun, sozialista eta nola ez, internazionalistarekin". Horrela "sortu genuen gure konpartsa", diote Askapeñako konpartsakideek.

www.askakonpartsa.org