Berdintasun politika "kaxkarrak" salatu eta "Bilbo feminista" aldarrikatu dute hainbat elkartek

uriola.eus 2015ko mai. 19a, 12:41
Argazkiak: Bilbo Feminista Eraiki / Pikara Magazine

Hauteskunde kanpaina baliatu dute Bilboko talde feministek Udaleko Berdintasun Politikekin duten kezka azaltzeko. Hainbat eskari egin dituzte; horien artean, Emakumeen Etxea, Jabekuntza Eskola, diru laguntza duinak eta Udalarekin harreman eta koordinazio handiagoa. Eskari guzti horiei zabalpena emateko sinadura bilketa jarri dute abian.

“Ekintzara pasatzeko garaia” dela uste du Bilbo Feminista Eraiki lantaldeak. 40 urtez euren eskubideen alde borrokan ibili eta gero, oraindik, berdintasun politikak “kaxkarrak” direla salatu dute taldeko kideek.

Bilboko talde feministek atera duten agiriak dio Euskal Autonomi Erkidegoko gainerako Udalekin alderatuta argi ikusten dela berdintasuna ez dela Bilboko Udalaren apustu estrategikoetako bat. Bat dator horretan Teresa Maldonado Feministaldeko kidea: “EAEko gainerako hiriburuekin alderatuta Bilbon ez da ezer egiten berdintasunaren alde. Gasteizera begiratu besterik ez dago hortaz jabetzeko, eta hori, PPko gobernu bat dutela”.

Haserretik sortutako batasunak eraman ditu borroka berdinetan diharduten talde ezberdinak batu eta Udalari presioa egitera. Maldonadoren ustez, erakundeek ez dituzte mugimendu feministen kritikak onartzen: “Gizarte demokratiko batean erakunde publikoek herritarren kritikak onartu egin behar dituzte”.

Dirua badagoen arren, berdintasun politiketara oso aurrekontu txikia bideratzen dutela uste du Feministaldeko kideak. Salatu du, Bilboko Udalak ez duela gardentasunarekin jokatzen eta “ezkutuan” ibiltzea leporatu dio.

Indarrak batu eta erakundeei presioa egiteko sinadura bilketa jarri dute martxan. Honakoak dira manifestua sinatu duten talde feministek egiten dituzten eskariak: Emakumeen etxea, Jabekuntza Eskola bat, Emakumeen Dokumentazio Zentroaren iraunkortasuna bermatzea, aurrekontu hobeak berdintasun sailarentzat, diru laguntza duinak talde feministarentzat, emakumeen mugimenduaren benetako parte hartzea udalaren koordinazio guneetan eta indarkeria matxistaren kontrako apustua.

Honakoak dira manifestua sinatu duten taldeak: Bizkaiko Emakume Asanblada, Ecuador Etxea, Bilgune Feminista, Aldarte, Lanbroa, Feministalde, Mujeres del Mundo, Mugarik Gabe, MDMA, Centro de Documentacion Mujeres Maite Albiz, Sare Lesbianista eta Ladyfesta.

Emakumeen espazioak

Emakumeen Etxea eta Jabekuntza Eskola dira egiten dituzten eskarietako bi. Egun, 9 Emakume etxe eta 20 jabekuntza eskola daude EAEn, horietako batere Bilbon.

Mugimendu feministaren aldarrikapen historikoetako bat da emakumeentzat leku fisiko zein sinboliko bat izatea, eta eskubide hau sistematikoki ukatua izan dela uste dute manifestuko sinatzaileek.

Oraindik, botere eremuentan emakumeen parte-hartzeko aukerak urriak dira, horregatik, “parte‐hartzeko, elkartasunerako eta onarpenerako topaleku bat” nahi dute.

Jabekuntza eskolari dagokionean berriz, Bilboko Mugimendu Feministak ez du ulertzen, nola, beste lekuetan izaten ari den arrakasta kontuan hartuta, Udalak “etengabe ezetz” esaten dien euren proposamenari.

“Eskolarik ez, baina gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko tailer eskaintza tristea eta salagarria daukagu”, esan dute. Izan ere, salatu dute, azkeneko lau urteetan nabarmen jaitsi dela ikastaroen eskaintza kopurua.

Ahanzturan erori gabe

Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroak murrizketak izan ditu azken urteetan. Mugimendu feministak salatu du, horrek, zentroko giza baliabideen eta baliabide materialen egoera prekariotzea ekarri duela ezinbestean. Ondorioz, aldaketa teknologiko handiko sasoi batean erabiltzaileei fondo dokumentalak erabiltzeko zailtasuna sortu izana leporatu die.

Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroa, estatu mailan emakumeen liburutegi sareko onenetarikotzat jotzen da. 12.000 dokumentu bibliografikotik gora ditu eta 1.163 kartel daude bertan, denak erabili nahi dituztenen eskura. Batez ere, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren historia jasotzen du eta jakintza guztietan emakumeen ekarpenak, 16 ataletan bananduta.

Iragana ezagutzea ezinbestekoa omen aurrera egiteko, eta etorkizunean iragana ikusi ahal izateko zentroa irekita mantentzea beharrezkoa dela uste dute: “Beldur gara, behar duen dotazio ekonomikoaren aldeko apustua egiten ez delako”.

Berdintasun politikak

Horra hor arazoaren iturburua: Berdintasun Politikak. 2015ean Bilboko Berdintasun Politiketarako aurrekontu osoaren %2,18 soilik bideratu zituzten emakume talde eta talde feministen mugimendua indartzera (Donostian esaterako kopuru horren ia hirukoitza bideratzen da). 

Bestalde, aurrekontu horien gardentasun falta salatu du Maldonadok: “Aurrekontua ez da batere argia eta hori erakusten duten atalak daude”.

Diru laguntzei dagokienean ere murrizketa nabariak egin ditu Bilboko Udalak azken lau urteetan: %70 hain zuzen ere. Honen aurrean eskaera garbia egin diote Udalari: “Berdintasuna sustatzeko ekintzak diruz laguntzeko posibilitatea berrezartzea eskatzen dugu, ekintza hauek baitira diskriminazio sexistarekin amaitzeko mentalitate aldaketa ekarriko dutenak”.

Azkenik Bilboko Mugimendu Feministak uste du Bilbon, indarkeria sexista prebenitzeko plan orokor bat behar dela: “Beharrezkoa da egiturazko arazo honi erantzuna ematea eta indarkeria kasu desberdinen aurrean beharrezkoak diren baliabide guztiak eskaintzea”.

Erakundeei “makilkada” bat eman, indarrak batu eta Bilbo feministago bat eraiki nahi dute.

 

Sinadura bilketaren bidez babestu dezakezu ekimena. Hemen informazio gehiago.