Ekainaren 11ra atzeratu dute Irati Sienra eta beste 7 gazteen aurkako epaiketa

uriola.eus 2015ko mai. 28a, 13:23

"Euskal gazteria aurrera" oihu artean eta herri harresia irudikatu ostean epaiketa eten du Angela Murillo epaileak eta auzipetuak aretotik kaleratu ditu. 2013ko Gazte Dabadako ekitaldian "terrorismoa goratzea" leporatuta epaitzekoak ziren gaur Ernaiko zazpi kide –tartean Irati Sienra deustuarra- eta Topatu agerkariko Iraitz Salegi kazetaria. Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 18 eta 24 hilabete arteko espetxe zigorra eskatu dute haietako bakoitzarentzat.

Hasi eta jarraian eten dute gaurko saioa. Auziperatuek maiatzaren 17-18ko herri harresia irudikatu dute elkarren artean eskuak gurutzatuz eta epaileari bizkarra eman diote "Euskal gazteria aurrera!" oihu artean. Ekainaren 11ra arte atzeratu dute epaiketa.

Irati Sienra deustuarra, Gotzon Elizburu, Maialen Etxebarria, Mikel Button, Aitor Anda, Garazi Mugertza eta Mikel Moreno eta Topatu.info atariko Iraitz Salegi kazetariari 18 eta 24 urte arteko espetxe zigorra eskatzen die Fiskaltzak eta AVTren akusazio partikularrak 2013ko Gazte Danbadako ekitaldian ustez terrorismoari gorazarre egiteagatik. Gazte Danbadaren egunean Xabier Lopez Peña preso politikoa hil zen espetxean eta ekitaldian, Ernaik, "Frantziak eta Espainiak presoei ezarritako salbuezpen neurriak" salatu zituen. Haiekin batera, gaurko egunean, Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoa –85 urte dauzka– ere epaitu behar zuten baina atzo eman zuten jakitera prozeduratik at geratu dela.

[2014/12/18] Kartzela zigor eskaria Topatuko kide bat, Ernaiko zazpi eta Periko Solabarriarentzat

[2015/03/11] Irati Sienra eta beste zortzi lagun maiatzean epaituko dituzte Gazte Danbadan terrorismoa goratzea leporatuta

[2015/05/28] Gaur epaituko dituzte Irati Sienra, Iraitz Salegi eta Ernaiko beste 6 kide