Aste Nagusiko kontzertuetako lau ziurtatu ditu Udalak

uriola.eus 2015ko uzt. 10a, 11:30
Argazkia: Arriaga Antzokia

Maldita Nerea, Lori Meyers, Dvicio eta Anne Etchegoyen dira atzo Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak aurreratu zituen aurtengo Aste Nagusian kontzertua eskainiko duten musika taldeetako batzuk.

Horiek dira Udalak ezagutzera eman dituen lau izenak. Itziar Urtasunek adierazi duenez, hurrengo astean Bilboko Udalak 2015eko Aste Nagusiko egitarauaren xehetasun gehiago eman ditzake. 

Azken asteotan Aste Nagusiko musika taldeen izen-zerrenda faltsu bat bolo-bolo zabaldu da Internet bidez. Snoop Dog, Fondo Flamenco, Pablo Alboran eta Melody zeuden, besteak beste, zerrenda horretan. Bilbotar eta musikazaleen artean zerrenda asko zabaldu da, batik bat, Udalak atzora arte ez zuelako gezurtatu.

Musika taldeen egitarau osoa ez ezik Udalak kontzertuetarako guneak ez ditu oraindik orain publiko egin. Iaz, esaterako, Abandoibarra, Doña Casildaren parkeko pergola, Plaza Barria eta Europa Parkea izan ziren lau eszenatokiak. Txurdinagako parkearekin, baina, eztabaida handia izan zen auzotarren kexa eta aurkakotasunagatik.

 

[2015-07-09] Inoiz baino ikusgarriagoa

[2015-07-09] Gurutze Beitia eta Oihana Pascual izango dira pregoilaria eta txupinera

[2015-06-25] Aste Nagusia iragartzeko sei kartel finalistak aurkeztu dituzte