'Txiolarien' atxiloketan eskubide konstituzionalik urratu den erabakiko du Bilboko Zigor Epaitegiak

uriola.eus 2015ko uzt. 16a, 12:24

Joan den maiatzaren 18an, 'Armiarma III' operazioaren baitan, Bizkaian Guardia Zibilak eginiko bost lagunen atxiloketetan "hainbat irregulartasun edo ilegaltasun" eta "erabateko defentsa gabezia" salatu zituen Ane Ituiño atxilotuen abokatuak. Gaur, Bilboko I. Zigor Epaitegiak 'txiolarien' eskubide konstituziolanik urratu den erabakitzeko deklaratzera deitu ditu atxilotuak eta abokatua. 

Guardia Zibilak, sare sozialetan "terrorismoa goratzea" egotzita, joan den maiatzean eginiko atxiloketek "ez zuten inolako zentzurik" Ane Ituiño abokatuaren arabera. Atxiloketek ez zioten erantzuten "inolako larritasunari". Horregatik jo zuen atxiloketak gertatu eta egun batzutara Bilboko Guardia Epaitegira bere bost bezeroren atxiloketetan "hainbat irregulartasun edo ilegaltasun" salatzera. Horrezaz gain, maiatzaren 18an, "Europako araudietan oinarrituta", hainbat ekakizun egin zituen Ituiñok abokatu gisa, bost atxilotuei "egozten zitzaiena zehatz ezagutzeko", baina "ez ziguten aukera eman". Hortaz, "erabateko defentsa gabezia" ere salatu zuen abokatuak.

Salaketa horiek kontutan hartuta, Bilboko I. Zigor Epaitegiak diligentziak zabaldu eta gaur dei egin die deklaratzera bost atxilotuei eta Ituiñori "eskubide konstituzionalen aurkako delitua eta legez kanpoko atxilotzeka delitua egon daitekeelako". Lekuko gisa deklaratu dute. Ituiñok aurreratu duenez, Guardia Epaitegian aurkeztutako salaketak berretsiko dituzte.

 

Ugarteburu: "Mozal eta zepo estatua salatu dugu"

Auzitegiko atarian 'Txiolariak aske! Adierazpen askatasuna!' lelopean buruturiko elkarretaratzean parte hartu du, besteak beste, EH Bilduko Maribi Ugarteburuk. Espainiako Estatua "mozal estatua" dela adierazi du Ugarteburuk, adierazpen askatasuna eta "era guztietako disidentzia politikoa" bide zigortzailetik eta inolako berme gabe "oinarri-oinarritik moztu nahi duena". Mozal estatua ez ezik "zepo estatua" ere badela esan du Ugarteburuk, norbanakoen oinarrizko eskubideak onartzen ez dituena, besteak beste, defentsa eskubidea. "Botere faktikoekin egiten du hori. Guardia Zibilak zepoak jartzen ditu, atxiloketak egiten ditu inolako garantia gabe". "Eraso" hauen helburua "efeko mediatiko bilatzea da" Ugartebururen hitzetan.

 

[2015-07-16] Maiatzean atxilotutako 'txiolariek' Guardia Zibilaren aurka deklaratuko dute

[2015-05-20] Alfredo Remirez: "Guardia zibilek 'ateratzean txiokatu ondo tratatu zaitugula' esan didate"

[2015-05-19] Alfredo Remirez aske utzi dute 

[2014-11-06] Hiru lagun atxilotu dituzte Bilbon sare sozialetan terrorismoa goratzea egotzita

[2014-07-03] Bilboko gazte bat atxilotu dute sare sozialetan terrorismoa goratzea leporatuta

[2014-06-11] 16 urteko gazte batek Madrilen deklaratuko du bihar Txiolarien aurkako sarekadaren baitan