Hainbat euskal preso politikoek pairatzen dituzten isolamendu kasuak salatzeko kartzeletan burutzen diren borroka ezberdinen artean, A Lama eta Puerto IIIko presondegietakoek hartu dute garrantzia egunotan. Alde batetik, gose greban dira astelehenetik Ibai Aginaga eta Mikel San Sebastian presoak, Hodei Ijurko presoaren isolamendua dela-eta. Isolatzen duten bigarren aldia da aurten, aurrekoan hiru hilabete eman zituen egoera horretan zigortuta. Haren ordura arteko moduko kidearen egoera salatzeko gose greba mugagabean jartzea erabaki dute bi presoek, eta berau aurrera eramateko intentzioa berretsi dute. Herenegun odol-tentsio frogak egin zizkieten kartzelan, eta atzo azukre maila nola duten jakitekoak. Momentuz, ondo dira.
Bestalde, Arantza Zuluetaren muturreko bakartzea salatzeko txapeoak –patiora ateratzera ukatzea– burutzen ari dira asteazkenero uztailaren 1etik Puerto IIIn bertako euskal preso politikoak. Zuluetak isolatuta dago kartzelaratu zuten une beretik, eta aste honetan Europako hainbat abokatuk salatu duten bezala, muturreko egoera batean dagoela, "tortura txuria" bezala ezagutzen den egoera bat jasaten du, "eragiten dituen ondorio fisiko eta psikologikoengatik". Besteak beste, ziegatik atera orduko automatikoak dira palpazio bidezko katxeoak eta ohikoak dira ziegan modu txarrean egindako erregistroak Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. Ez du inolako kontakturik beste edozein presorekin. Bera bezala, antzeko egoeran da Jon Enparantza abokatua Segoviako kartzelan.