Goizean, Arriagako plazan egindako agerraldian, Jonea Artola senideak eta Esti Gorostiaga medikuak azpimarratu dutenez, "dispertsioak sufrimendua handitzen du edozein egoeraren aurrean; osasun eskubidea zein tratu duinerako eskubidea urratuz". Era berean, gehitu dute, "espetxe politikaren oinarrian dagoela sufrimenduaren areagotzea, presoaz gain, bere senitarteko eta gertukoei eraginez".
Manifestazioaren bidez, estatu espainol eta frantsesak euskal preso politikoen kolektiboaren kontra mantentzen duen "politika krudela" era salatuko dutela mahaigaineratu dute "Euskal Herrian zabaldutako aro berrian estatuek mantentzen duten biolentzia, mendeku politika hutsa baita".
Haiekin batera, Bizkaiko preso gaixoen senideek ere parte hartu dute deialdian, tartean, Joseba Asensio, Kirruli, preso bilbotarraren senideak; Arkaitz Bellonen gertukoak; Txus Martinenak; Joxemi Etxeandiaren Larrabetzuko familia; Gorka Fraile durangarrarena; zein Txente Askasibarrena. Argi utzi dute gaixotasun larriak dituzten presoen egoeran "lan iraunkorra egiteko beharra dagoela, orain arte egindako lanetik haratago". Beraz, giza eskubideak errespetatuak eta beteak izan daitezen aldarrikatzen jarraituko dutela gehitu dute azkenik, eta abuztuaren 28an, bizkaitar orori, 12:30ean Plaza Eliptikotik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diote.