Kataluniara begira

uriola.eus 2015ko ira. 9a, 08:26

Hiru oihal, gezi formakoak, zuri, gorri eta berde koloretakoak -ikurrinaren koloreak- Bartzelonara begira jarri zituzten atzo arratsaldean hainbat lagunek. Assemblea Nacional Catalanak Euskal Herrian duen babes taldeak antolatutako ekintzaren bidez, "etorkizuna aske erabakitzeko" herri guztiek duten eskubidea aldarrikatu zuten. Irailaren 11ko, Diada eguna, eta irailaren 27ko hitzorduei, hauteskunde plebiszitario eguna, babesa eman zioten Done Bikendi kalean bildu ziren euskal herritar eta katalanek. 

Azken 300 urtetan egin duten moduan, ostiralean, irailaren 11n, Diada Nacional eguna ospatuko dute katalanek. Assemblea Nacional Catalanako (ANC) kideak, atzo Bilbon antolatutako ekitaldian, itxaropentsu agertu ziren hitzorduarekin. "Milioika katalanek Bartzelonako kaleak beteko ditugu aurten", iragarri zuten ANCko kideek. "Mundu guztiari" erakutsi nahi diete "gure eskubideak erabiltzeko dugun ausardia eta borondatea". Helburutzat ezarri dute "etorkizuna aske erabakitzea", besteak beste, gizarte, kultura eta ekonomia alorrean Kataluniaren "garapena ziurtatzeko".

Aurtengo Diada "gure historiako giltzarri" jotzen dute, irailaren 27an "Espainiar estatuak azaroaren 9an legez kontra debekatu zuen plebiszitua ospatuko dugulako", eta hauteskunde horiek ongizate eta justizia berreskuratzeko bidea zabalduko dutelako: "Kataluniako herritarrok erabakitzen badugu, Kataluniako herriaren eta bere hiritar guztien ongizatea, gizarte justizia eta duintasuna zainduko duen Kataluaniako Errepublika osatuko dugu".  

Legeek eta institutzioek "eragozten" dieten bide horretan, harremanak etetea irizten diote irtenbide. "Herriek erakunde horiekin apurtzeko obligazioa dute eta erakunde berriak eraikitzekoa".

Elkarretaratzearen ostean, Kafe Antzokian solasaldia izan zuten Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariak eta Vicent Partal Vilaweb-ekoak.

 

[2015-09-09] Patxi Gaztelumendi: gure noraBIDEA argi daukagu: #independentzia

[2015-09-09] Aldarricatuz: Zer da 'Diada' eta zer egin

[2015-09-08] 'Via Lliure a la República Catalana' babesteko hiru erakusle osatuko dituzte Bilbon

[2015-09-03] 'Diada'-ren ospakizunak Bilbon eta Bartzelonan