Ibon Iparragiren anaiak eman dio irekiera Etxera-Guneari Bilboko Plaza Biribilean, hiriko erdigunean. Izan ere, larriki gaixo dauden presoen auzia "agenda politikoaren erdigunean" kokatu nahi dute preso horien senide eta lagunek. Jon Kirru Iparragirrek larriki gaixo dauden 11 euskal preso politikoak izan ditu gogoan hitza hartu duenean. Horietako bat da bere anaia Ibon."Presoekin egiten ari direna oinarrizko giza eskubideen kontrako eraso larri bat da eta jendarte osoari dagokion kontua da horri aurre egitea. Horretarako da Etxera-Gune hau, honi amaiera eman behar zaiola esateko".
Badaki Jon Kirru Iparragirrek hiru eguneko kontzentrazioa ez dela nahikoa Etxera-Gunearen helburua lortzeko. Ostiralean, ez dituzte elkimenak bukatutzat emango, "hau abiapuntua da", zehaztu du. "Hurrengo asteetan ere mobilizazioak izango dira, eta horrela jarraituko dugu larriki gaixo dauden euskal preso guztiak etxera ekarri arte".
Ibon Iparragirren osasuna okerrera
Basauriko espetxean preso zegoela "jipoia eman zion preso sozial batek" Iboni. Salatu egin zuen Ibonek lehenik eta presoak Ibon gero. Gaur epaiketa zuen Ibonek Bilbon. Bere anaia Jon Kirruk adierazi duenez, epaiketa "ez da burutu" bere aurka egin duen pertsona ez baita agertu. Gaurko epaiketari baino, epaiketara etortzeko hiru eguneko bidaiak Ibonen osasunean eragin dion kalteari eman dio garrantzia. Okerrera egin baitu nabarmen bere anaiaren egoerak. HIES gaitza dauka, "C estadioan, azken estadioan", eta horrek hainbat patologioa eragin dizkio. Egunetik egunera ikusmena galtzen ari da eta, horrez gain, atake epileptikoak dauzka. Hiru eguneko bidaiak, gaurko epaiketara etortzeko, gerrian eta lepoan min handiak sortu dizkio. Atzo Txagorritxuko ospitalean artatu zuten Ibon eta medikuek senideei jakinarazi zietenez, "baliteke hezur-muinean lesioa izatea".
Gaurko agerraldia zenbait komunikabidetan zabaldu den berria "faltsutzat" jotzeko baliatu du Jon Kirru Iparragirrek. Bere anaia Ibonek botikarik ez duela hartzen esan baitute. "Erabat faltsua da, bere medikazioa hartzen du Ibonek. Ez du hartzen retrobiralik, ez orain, ez lehen. HIES gaitza piztu bazaio kartzelak eragin diolako da eta isolatuta dagoelako eguneko 20 ordutan. Kartzela da Ibon egoera honetara eraman duena. Ibon gaixorik egotearen arrazoia espetxe poilitika kriminala da".
Etxera-Gunea
Gaurtik ostiralera arte iraungo du Etxera-Guneak. Egunero elkartuko dira bertan, goizeko 12:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte. Beraz, gaixorik dauden presoen askatasuna exijitzeko "mobilizazio iraunkorrerako dei zabala egiten dugu bertotik; Etxera-Guneak iraungo duen egun bakoitzean zortzi orduko ekimen jarraituan parte hartzera dei egiten dugu, denok batera lortuko dugulako Plaza Biribila Etxera-Gune bihurtzea".
Manifestazioa ostiralean
Urriaren 23an, ostiralean, Etxera-Gunearen azken egunean, alegia, herrialdeko manifestazio egingo dute Bilbon, Plaza Biribiletik abiatuta 19:30ean.
[2015-10-19] Plaza Biribila 'Etxera-Gunea' izango da hiru egunez