Brouard eta Muguruza gogoratzeko eta etorkizunari begiratzeko manifestazioa deitu du Sortuk

uriola.eus 2015ko aza. 20a, 09:17

Argazkia: Sortu Bilbo ‏@SortuBilbo

Gaur bezalako egun batean, azaroaren 20an, hil zituzten Santi Brouard (1984) eta Josu Muguruza (1989) ezker abertzaleko kideak. Urteurrenaren atarian, Sortuk mobilizazioa deitu du gaurko 'Zuen ametsa, gure iparra. Independentzia eta sozialismoa' lelopean. Manifestazioa Brouarden kontsultatik abiatuko da.

Brouard eta Muguruzaren "ekarpen humano eta politikoa" omentzea du xede Sortuk aurtengoan. "Gure artean ez direnak gogoan, etorkizunari begira" jarri nahi du eta, bide batez, hamaika militanteren lana aitortu: "Independentzia eta sozialismoa helburu, milaka gizon eta emakumek egin dute eta egiten dute euren ekarpen militantea ezker abertzalean. Hori da gure lanabesik preziatuena", azpimarratu dute gaurko agerraldian Sortuko Amaia Izko eta Mikel Etxaburu bozeramaleek.

'Zuen ametsa, gure iparra. Independentzia eta sozialismoa' lelopean, mobilizazioa gaur, hilak 20, egingo da, arratsaldeko 19:30ean, eta Brouarden kontsulta zegoen lekutik (Errekalde zumarkalea-Juan de Ajuriagerra) abiatuko da.

Ohi bezala, eguerdi aldera lore eskaintza egingo zaie Brouard eta Muguruzari. 12:30ean Errekalden Muguruzari eta 13:00etan Ametzolan Brouardi. 

Testuinguru "berezia"

Aurtengo urteurrena testuinguru "berezian" gauzatuko da gaurko agerraldian Izko eta Etxaburuk adierazi dutenez. Ezker abertzalek ekin dion 'Abian' izeneko hausnarketa eta eztabaida prozesua eta "40 urte beteko dituen frankismoaren erreformatik eratorritako estatu ereduaren krisialdi sakona" dira testuinguru berezi egiten dutenak. Izko eta Etxabururen hitzetan, "demokraziarako aukera bakarra Euskal Herrian bertan gure prozesu independentista propioa indartzea eta garatzea da", Kataluniako egoerak "ondo erakusten duen moduan". 

  

Udazken koloretan: Josu Muguruza, Santi Brouard eta bidean eroritakoei eskainitako omenaldi bideoa