100 eskailera-sail biztanle gisa hirian ikusten ez dena ikusteko

uriola.eus 2016ko urt. 8a, 11:00

2015eko irailetik urrira Bilboko auzoetan zehar ibilbide bereziak antolatu ziren 'Subir 100 escaleras' ekimenari esker. Ideiak Martxan lehiaketan saritua izan den ekimena da. Bideo batean jaso dituzte ibilbide horietako hainbat une.

"100 eskailera-sail, ezagutzea uste zenuen hiri desberdin bat ezagutzeko 5.050 koska". Horixe da 'Subir 100 escaleras' proiektuaren abiapuntua. Bilboko esparru publikoko 100 eskailera-sailetan ibilbidea eginez, jolas parte-hartzaile honek "ohiko jardueretan konexiorako espazio berriak" sortzea izan du erronkatzat.

Espresuki sortutako mugikorretarako doako aplikazio bat deskargatuz edota web gunean kokapen zehatzak kontsultatuz osatu dute partaideek beren ibilbidea. Hortaz, esperientzia guztiak "bakarrak eta errepikaezinak" izan dira.

Partaideek hiriko biztanle gisa euren begiek ikusten ez dutena ikusi ahal izan dute. "Gure egunerokoan arruntak diren elementuei arreta gehiago eskaintzeko beharra" azpimarratu diete antolatzaileek partaideei. Horrela itzuli diete "leku bat lehen aldiz ezagutzen denean sortzen den emozioa". 

Ibilbideetan zehar -5 izan dira guztira-, artista edota kolektiboren batek eta auzoarekin lotura estua duen pertsonaren batek parte hartu du.

Izan ere, hiria organismo bizi gisa ulertzen du 'Subir 100 escaleras' ekimeneko lantaldeak. "Bilboko eskaileren azterketari esker, komunikazio eta zirkulaziorako egitura gisa, uler dezakegu hiriko partaide diren eragileak zelan artikulatzen diren".  

www.subir100escaleras.com