Zamudioko Ospitaleko sei eriren espazio terapeutikoa dokumentalera eramana

uriola.eus 2016ko urt. 19a, 07:30
Argazkia: www.azkunazentroa.com

2014ko maiatzetik urrira, Elssie Ansareok eta Alaitz Arenzanak espazioa eta esperientziak konpartitu zituzten Zamudioko Ospitaleko barneko eriekin. 35 minutuko iraupena duen lana da horren emaitza. Azkuna Zentroan izango da ikusgai gaur, hilak 19, BIdeOtik 2016 programaren barruan.

Jim Geekie & John Readen arabera, "esperientzia subjektiboa aintzat hartzen ez duten eromenaren interpretazioek deskribapen osagabeak eta desegokiak emango dizkigute bizipen horri buruz. Beste horrenbeste esan daiteke giza esperientziaren zati handi batez, baina bereziki eromenez".

Jim Geekie & John Readen ideia horiek landu dituzte Elssie Ansareo (Mexiko Hiria, 1979) eta Alaitz Arenzana (Bilbo, 1976) sortzaileek (Preposición) La Habitación lanean. Ospitaleko sei eri elkartu dituzte, buruko gaitza duten erientzako zentroak dituen espazioak haiekin ikusteko eta aztertzeko, bereziki, espazio terapeutikoa.

Es Baluard museoan aurkeztu zen lehenbiziko aldiz (Preposición) La Habitación ikus-entzunezko lana, sorkuntza bideografikorako DKV_Es Baluard 2014 ekoizpen-bekako deialdia irabazi zuen proiektua izan zelako. Gaur, hilak 19, BIdeOtik 2016 programaren barruan, ikusi ahalko da Azkuna Zentroan, Bastida Aretoan, -2 solairuan, 19:00etan.

Lan-metodologiak artistek ospitaleko eriei egindako galderetako bat du abiaburu: Nolakoak dira espazio horiek?. Eriek beren bizipenetatik abiatzen dira erantzuna emateko. Deskribapena egitera mugatzen dituzte hitzak, eta azterketa aberasten dute, zentro barruko bizimodua azalduz. Hurrengo galderak beste ideia bat du ardatz. Espazio horiek nolakoak izatea gustatuko litzaizuke?. Bigarren galdera horri erantzuteko, parte-hartzaileek beren desirak, kezkak, estigma eta gaitzaren esperientzia subjektiboa azaltzen dituzte.

Piezak hitz egiteko aukera ematen die entzunak izan nahi duten eriei, eta irudia jartzen die haien nahiei eta desirei, buruko gaitz horiekin era duinagoan bizi, eta "nork bere gela" eraiki ahal izateko.

Barrualde eta kanpoaldearen arteko harremanak, eta espazioaren eta barneko gatazken arteko erresonantziek identitatez eta energiaz betetzen dituzte lekuak. "Badirudi bizipenez blaiturik geratzen direla, noizbait leku horretako hormen artean ibilitako izakiaren espirituz kutsaturik".

Egileen prozesua elkarrizketan oinarritzen da; indarrez sartu beharrean, leku horretan bizi diren pertsonekin lan egiten saiatzen da. Gero, kamerak barrualdea eta kanpoaldea deskodetu, eta tarteko hizkuntza bat sortu beharko du, ezin ukituzko lurralde bat. Ikusleak ez dira onik aterako.

Iturria: www.azkunazentroa.com