Herri kurduari elkartasuna adieraztea delitua ez dela aldarrikatuko dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia Komite Internazionalistak 2016ko ots. 4a, 09:13

Bilboko herri mugimenduak gaur, hilak 4, Unamuno plazatik 20:00etan hasiko den manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu du 'Ilegalizaziorik ez. Reconstrucción Comunista aurrera' lelopean.

Gaurko agerraldian parte hartu duten eragileek irakurri duten mezua:

"Aurreko asteazkenean, urtarrilaren 27an, Auzitegi Nazionalak Eloy Velasco epailearen eskutik herri kurduarekiko elkartasun mugimenduaren partaide den Reconstrucción Comunista Partiduaren aurkako operazio poliziala burutu zuen. Bilbo, Valentzia eta Madrilen gauzatutako sarekadan erakunde honetako 8 militante atxilotu zituzten, baita lagun kurdu bat ere. Bestalde, Polizia Nazionalak Madril eta Valentziako Partiduaren egoitzak eta atxilotuen etxeak ere miatu zituen. 

Atxilotutako kideei Siriako Kurdistanera borrokalariak bidaltzeko sarea antolatzeaz leporatzen diete, PKK Kurdistaneko Langileen Alderdiaren laguntzarekin. Gainera, Estatu Espainiarrean alderdi honen eta KCK Kurdistaneko Herrien Konfederazioaren bitartekariak izatea egozten diete.

Operazio honen ondorio zuzena erakunde komunistaren bi militanteen eta lagun kurduaren gartzelaratzea da, horietako bik 16.000€tako fiantzarekin. Hirugarrena Reconstrucción Comunistaren idazkari nagusiari fiantzarik eta baldintzarik gabeko espetxe zigorra ezarri diote. Bestalde, PML(RC)-ren jarduera politikoaren urtebeteko debekua ezarri dute, antolakuntza eta ekintza politikoen oinarrizko eskubide demokratikoen aurkako atentatua delarik.

Sarekada hau burutzeko estatuak erabili dituen aitzakiak funtsarik gabekoak dira erabat. Reconstrucción Comunistak ez du inoiz izkutatu herri kurduarekin elkartasun aktiboa praktikatzen duela, batez ere Rojavako iraultza demokratikoaren alde eta ISIS (Daesh) munstro inperialistaren aurkakoa.

Ez da lehen aldia Estatu kapitalista espainiarrak, Auzitegi Nazionalaren eskutik, elkartasun internazionalista lantzen duten erakundeak epaitu nahi izatea. Baina elkartasun internazionalista jazarri eta kondenatzeko Estatua baliatzen den errepresio aparatuen gainetik, borroka honek gero eta indartsuago aurrera egingo du.

Beste alde batetik, inperialismoa, bere deskonposizio fasean, beste herriek inbaditu eta haien  baliabide eta aberastasunak lapurtzen dituen batera, erregimenaren komunikabideetan bere zorakeriaren legitimitatea zabaltzen du, mundu mailan langile klasea eta herriak heriotzera eta hondamendira kondenatuz. Siriako gerraren kasuan gertatzen dena hain zuzen.

Eta estatu inperialisten asmoak blindatzeko, Reconstrucción Comunistaren aurkako bezalako operazioak burutzen dituzte, Operación Valle deritzona, elkartasun borroka eta internazionalismoa kriminalizatzeko asmoarekin, herri kurduaren erresistentziarekin gertatzen den bezala.

Turkiako herri kurduaren aurkako errepresio basatia salatzen dugu. Ehundaka erail, poliziak eta ejerzituak setiatuko hiriak, alkateak, zinegotziak, kazetariak eta abokatuen atxiloketak eta erailketak. Erdoganen gobernua faxistatzat salatzen dugu, milaka eta milaka errefuxiatuk pairatzen duten egoera jasanezinaren erantzulea delarik, baita Europako Batasunaren gobernuen konplizitatea ere salatzen dugu.

Orain arte egin dugun bezala, gure elkartasunik beroena adierazi nahi diogu Rojavari, Siriako Kurdistaneri, non egunero interes inperialisten tresna den ISISen aurka buru belarri borrokatzen duten, herrien burujabetzaren aldeko eta giza, ekonomia eta politika harreman guztien demokratizazioaren borrokan duintasun eta ausardiaren eredu bilakatuz.

Elkartasun internazionalista da hain zuzen gatazkaren erroari so egiten diona, gatazka beraren arrazoi politikoak eta klase izaera mahai gainean jarriz. Potentzi inperialistak eskualdean esku hartzeko benetazko arrazoi politiko eta ekonomikoak komunikabideetan lausotzen dituzte, herriari iruzur eginez eta estatuen gerra politika zabalduz.

Estatuaren aparatu errepresiboaren erasoa haren aurka antolatzen den langile klasea geldirik mantentzeko asmoa du, herri mugimendua, erakunde politiko eta iraultzaileak eta elkartasun internazionalista bere jomugan jarriz, estatuaren izaera antidemokratikoa argi eta garbi plazaratuz.

Hau guztia dela eta, Bilboko herri mugimenduak ostegunean Unamuno plazatik arratsaldeko 8etan hasiko den manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatzen dugu".

Atxilotuak askatu.

Internazionalismoa ez da delitua.

RECONSTRUCCIÓN COMUNISTA, AURRERA