Greba eskubidearen defentsan Airbuseko zortzi auziperatuei babesa agertu diete

uriola.eus 2016ko ots. 9a, 14:11

Argazkia: @AlfonsoRiosV

Hainbat lagun elkartu dira Albia lorategian gaur goizean, Justizia jauregiaren aurrean, UGT Euskadik eta CCOO Euskadik deituta, greba eskubidearen defentsan. 2010eko greba orokorrean Getafen (Madril) gertatutako istiluetan parte hartzea egotzita gaur Madrilen epaituak izango diren zortzi langileri elkartasuna adierazi diete.

Zigor Kodeko 315.3 artikulua indargabetzeko "nahikoa babes badela Espainiako Parlamentuko kideen artean" defendatu du UGT Euskadiko idazkari nagusi Raul Arzak agerraldian. Horrela soilik berretsiko da "greba eskubidea bezalako oinarrizko eskubide baten balioa". Greba eskubidea erabiltzeagatik Espainiako Estatuan sindikatuetako 300 lagun auziperatuta daudela gogoratu du Arzak. 

Udalberriko zinegotzi Amaia Arenal izan da gaur Albiako lorategiko elkartasun ekitaldian parte hartu duen beste ordezkari bat. "Gogoratu behar dugu ez direla zortzi, milaka garela eta milioika izango garela", adierazi du Arenalek Airbuseko langileei babesa emateko. 

 

Zigor eskaera gogorrena

Airbus enpresako zortzi langile grebalariren aurkako ahozko auzia gaur hasi da Madrilen. Fiskaltzak, guztira, 66 urteko kartzela zigorra eskatzen die (8 urte eta 3 hile bakoitzari) 2010eko irailaren 29ko greba orokorrean, istiluen kontrako 10 polizia "iraintzeagatik, erasoatzeagatik" eta, besteak beste, euren aurka "burdinez gogortutako konoak edoa motxila astunak jaurtitzeagatik". Era horretako akusazioengatik 1978tik Espainian Fiskaltzak eskatu duen zigor gogorrena da Airbuseko zortzi langileei eskatutakoa.

Zortzirek enpresaren baitan sindikatuetako jardueretan parte hartzen zuten 2010eko greban istiluak gertatu zirenean Getafeko industria poligonoan. Sindikatuek, kasu honen atzean, "langile klasea beldurtzeko, mobilizazioak gelditzeko eta sindikatuak kriminalizatzeko" ahalegina dagoela salatu dute.