'Labarraren ertzean' lan berria aurkeztu du Guda Dantza taldeak

uriola.eus 2016ko ots. 10a, 11:03

Gogotsu ekin zioten Guda Dantza taldekideek 'Lainoak eta Oskarbiak' lehen lanari. Atzo, inoiz baino gogorrago aurkeztu zuten 'Labarraren Ertzean' estudioko bigarren diskoa. Musika beltzaren eta jamaikarraren zertzelada eta guzti. 

2012ko abuztuan Bilboko Aste Nagusian jotzeko aukera izan zuen sei laguneko koadrilak. Irailean, Berangoko Gaztelekuarne X. urteurreneko musika lehiaketa irabazi zuten, eta horrekin batera, proiektuarekin jarraitzeko hautua egin zuten. Hala, lan gogorra egin ostean, azkenik 2014an lehen diskoa argitaratzea lortu zuten; 'Lainoak eta Oskarbiak'.

'Labarraren Ertzean', Guda Dantzaren bigarren lana, Euridia estudioetan grabatu eta ekoitzitako diskoa da. Taldeak dioenez, 2015eko udazken osoa eman zuen grabaketa lanean. Hortaz, anbizio handiko taldea dela frogatzen duen bigarren diskoa kalean da dagoeneko. Ohiko jai girotik aldendu gabe, taldeak egunez egun jasaten dituen egoerak plazaratu nahi izan ditu kantuetan. 

"Itsasoko labar ertzera gerturatu gara disko honi aire freskoagoa eta desberdina emateko", esan dio URIOLAri Alainek, Guda Dantza taldeko ahotsak. Bideoklipa ere ikusgai da jada.

Berrikuntzak egiteko prest dago taldea; leku berrietan jotzeko aukera azaldu zaie, taldekide berri baten esperoan daude... Aurten, inoiz baino gehiago, Euskal Herriko plazek Guda Dantza taldea entzuteko aukera izango dute.

Taldeak kaleratu dituen bi diskoak www.gudadantza.eus webgunean entzun daitezke eta doan deskargatu nahi izanez gero.