Iazko urrian Herri Ekimen Legegile bat aurkeztu zuten pentsiodunek Eusko Legebiltzarrean "herritar guztiei zahartzaro duin bat bermatuko dien babes eta gizarte segurantza publikoa eta euskalduna" eztabaidatzeko. Eusko Legebiltzarrak eskaria ez zuen aintzat hartu eta pentsiodunek "atsekabez" iragarri zuten, "ezezko borobilari erantzun egokia" emango ziotela.
Horregatik, gaur La Bolsa auzo etxean eginiko agerraldian sinadura eskatu dizkiote jendarteari, "milaka" sinadura, "1.080 euroko pentsio duinak izateko", eta "gure pentsioak bertan kudeatzeko". Lehen sinadurak pentsaurreko ostean jaso dituzte. Hurrengoak ospitaletan, anbulategietan, auzoetako bilguneetan, herrietan, ikastetxeetan, jubilatuen etxeetan eta, sindikatuen bitartez, lantegietan bilduko dituzte. Erronka, lau hilabete eta erdian EAEko biztaleen artean ahalik eta babes gehien jasotzea da. "Aurrekoan jasotako 46.000 sinadurak gainditzea" espero dute oraingo ekimen honekin.
Borondate kontua
Eusko Legebiltzarrak ezezkoa eman arren, Nafarroako Parlamentuak onartu zuen joan den urrian pentsiodunen plataformek aurkeztutako Herri Ekimen Legegilea. "Beraz, borondate politiko kontua da pentsioen gaia, ez dago pentsarazi diguten bezala arrazoi ekonomiko edota legeari lotutako arrazoien menpe", adierazi du Bizkaiko plataformako kide Mikel Argiñarenak.
Azken egunotan talde politikoen artean aurrerapausoak izan direla nabarmendu dute pentsiodunek. EAJk pentsioen euskal sistemari buruzko eztabaida plazaratzeak eta EH Bilduk pentsioak osatzeko proposamena egiteak "arrazoia ematen digu", azaldu du Argiñarenak. "Nolabait jaso dituzte gure eskariak, eta herritarren borondateak aldaketak eragin ditzakeen erakusle da hori".