Bruselan sektoreko multinazional guztiek deituta, Europako Batzordeari Txinako altzairu merkearen aurrean neurriak hartzeko eskatu dute. Bilbon, ACBko langileek eta azpikontratek deituta, Iberdrolako dorrearen parean tarifa elektrikoaren "gehiegikeria" salatu dute eta "lanpostuen defentsa" egin dute.
Lehen mobilizazioak instituzio ugariren eta sindikatu batzuren babesa jaso du. ACBko langile eta azpikontraten mobilizazioak berriz "ez du instituzioen babesik jaso", LABen arabera. "Bakarrik utzi dituzte".
LABek salatu duenez, ArcelorMittal "ez da biktima, Sestaoko ACBren egoeraren erantzulea baino. ACB aldi baterako ixtea altzairu txinatar merkearen errua izango balitz, zergatik eraman dute produkzioa Asturiasera? Ez al dute Asturiasen Txinako altzairuaren prezioaren arazoa jasaten? Gezur gehiagorik ez. Arcelor Mittalekin pankarta konpartitzea, Sestaoko ACBren itxiera justifikatzea da".
Hitz gogorrak izan ditu gaurko agerraldian LAB sindikatuak Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarentzat. Hipokritikatzat jo du sailburua. "Brusela baino gertuago dago Bilbo. Zergatik ez da Tapia anderea Iberdrolaren parean jartzen enpresa nahiz familientzat horren kaltegarria den argindarraren prezioa salatzeko? Hipokresia gehiago ez mesedez".
Asian inbertsioak dituzten enpresak ere gogor kritikatu ditu LAB sindikatuak. "Gaur Txinako altzairuaren prezioaren kontra jarduten dutenek, Txinan altzairutegiak izateaz gain, beraiek praktikatzen dute dumpinga, enpresak lekualdatzen dituztenean, lan karga irabazi gehiago lortzeko beste lantokietara eramaten dutenean, edota bertako lan hitzarmenak betetzen ez dituztenean".
Horregatik, LABeko kideak ez dira multinazioalen ondoan pankartan egon, eta bai aldiz, ACBko langile zein azpikontratekin. "Hau baita bide bakarra ACB eta Euskal Herriko gainontzeko altzairutegiak salbatzeko bidea, borroka eta mobilizazioa".