Belako, Nudozurdo, Hidrogenesse eta Triangulo Del Amor Bizarro taldeak ere BBK Live jaldian egongo dira

uriola.eus 2016ko ots. 18a, 12:29

Bilbao BBK Live jaialdiak beste zortzi talde gehitu dizkio aurtengo kartelari. Belako, Nudozurdo, Hidrogenesse, Triangulo del Amor Bizarro, Rural Zombies, Green Class, Yelow Big Machine eta Begiz Begi taldeek uztailaren 7an 8an eta 9an Kobetamendin joko dutela baieztatu dute.

Belako laukote bizkaitarra, "2014ko errebelazio taldea" hautatu zutena, jaialdian izango da berriro ere. Hamen izeneko azken lana aurkeztuko dute, punk-rock eta new wave estiloak eta erritmo elektronikoak mantentzen dituen lana. Nudozurdo talde madrildarrak egungo zuzeneko onenetariko bat eskaintzen du. Nabarmentzekoa da rock eta post-punk doinuen eta Leo Martos frontmanaren aparteko ahotsaren arteko konbinazioa.

Triangulo de Amor Bizarrok dagoeneko lau disko merkaturatu ditu eta estatuko musika independentearen erreferente garrantzitsua da. Argitaratu berri duen Salve discordia lana interpretatuko du Bilbon. Hidrogenesse taldeak elektronika disko onenaren saria irabazi zuen 2012an. Hogei urteko ibilbidea daukan Bartzelonako bikote honen abestietan pop eta elektronika doinuek bat egiten dute, eta hitzak, askotan, ironikoak izan ohi dira.

Rural Zombies Zestoatik datorren taldea da, eta bere lehenengo lana aurkeztuko du: Bat. Lan horren bidez elektronika eta gitarra joaldiak bateragaitzak ez direla erakusten dute. Green Class madrildarrek taldearen izen bera duen lehenengo EPa aurkeztuko dute, B.R.M.C, Kasabian eta Oasis taldeen doinuak gogora ekartzen dituena. Yellow Big Machinek Bilboko garai industrialetara eramaten gaitu, talde honen bereizgarria den distortsioarekin, riff amaigabeekin eta ezinezkoak diren melodiekin. Azkenik, Banden Lehia irabazi duen Baionako Begiz Begi taldea ere batu zaio jaialdiaren kartelari.

2016ko uztailaren 7an, 8an, eta 9an Kobetamendin besteak beste, talde hauek egongo dira:  Grimes, Tame Impala, Jagwar Ma, Arcade Fire, Pixies, Foals, New Order, M83, Hot Chip, Years & years, Jose Gonzalez, Father John Misty, Courtney Barnett, Wolf Alice, Was, Hola a todo el mundo, Chvrches, Love of Lesbian, Slaves, Belako, Nudozurdo, Triangulo de Amor Pizarro, Hidrogenesse, Inheaven, Rural Zombies, Green Class, Yellow Big Machine eta Begiz Begi.

Bonuak eta prezioak

Bonuaren eskaintza: 110€ + 6€ gastuak

Bonuaren eskaintza + kanpina: 120€ + 6€ gastuak

Hauek, www.bilbaobbklive.com eta Kutxabank Sarean (webgunean eta zerbitzu anitzeko kutxazainetan), Ticketmaster,  902 15 00 25, FNAC, Carrefour, HalcónViajes bulegoetan,www.ticketea.comwww.entradas.com, eta www.atrapalo.com atarietan eskuratu daitezke.

Bizkaiko Kultur Txartela

Hirugarren urtez jarraian, Bizkaiko ikusleek B motako Bizkaiko Kultur Txartela erabili ahal izango dute Bilbao BBK Live jaialdiko bonuak erosteko. Bizkaiko Kultur Txartela BBK zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dute Bizkaian, 2015eko abenduaren 10etik 2016ko urtarrilaren 27ra, edo agortu arte. Erabiltzeko epea 2015eko abenduaren 10ean hasi eta 2016ko urtarrilaren 30ean amaituko da. Prezioa 28 euro da, eta 40 euroko erosketa-balioa du. Bizkaiko Kultur Txartelak metatu ahal izango dira, baina balioa ezin izango da zatitu.