Bilbora ere heldu da 'Human' film dokumentala

uriola.eus 2016ko ots. 23a, 12:41

Intitut Françaisek Odisea Contemporáneas izenburupean kultura aroa hasi du aurten. Ekimen honen barruan, Bilboko Institu Françaisek Yann Arthus-Bertrandek zuzenduriko Human filma programatu du.

Donostia Kultura, Institut Français Bilbao eta DSS2016EU dira ekimen honen antolatzaileak, eta hori dela eta gaur, Bilbon, Donostian eta Santaderren aldi berean proiektatuko da filma.

Bilbon Azkuna Zentroan ikusi ahal izango dugu Human dokumentala jatorrizko bertsioan gaztelaniazko azpitituluekin. 19:30ean izango da emanaldia lehenengo solairuko Auditoriumean. Sarrera dohakoa izango da eta film dokumentalaren iraupena hiru ordu ingurukoa da.

Film dokumentala munduaren istorio eta irudi sorta bat da; pertsona izatearen muinera bidaia eginez. Amodioz eta alaitasunez nahiz gorrotoz eta indarkeriaz betetako kontaketa hauen bitartez, Human filmak pertsona oro bere hurkoarekin aurrez aurre jartzen du bizitzaz gogoeta egin dezan. Eguneroko gertaeretatik hasi eta ezin sinetsizko bizipenetaraino. Lurra ezin ederrago agertzen da munduari eta gizakiari oda egiten dioten aparteko irudien bitartez.