'Te prometo anarquía' film luzea Zinegoak festibaleko irabazle

uriola.eus 2016ko ots. 29a, 09:41
'Te prometo anarquía' filmeko irudia

Bilboko gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen 13. jaialdian Te prometo anarquía lana izan da garaile, filmeko zuzendari Julio Hernandez Cordon ere saritu duelarik epaimahaiak. Film garailea "balada erromantikoa dugu, bero-bero jartzen gaituena bere tentsio altu eta xarmagatik", nazioarteko epaimahaiaren arabera. 

Te prometo anarquía aurtengo film garaileak Miguel eta Johnnyren istorioa kontatzen du. Mexiko eta Alemaniako koprodukzio honetan, lagunak eta txikitatik amoranteak diren Miguel eta Johnnyk, kontaktu klandestino bati odola saltzea erabakitzen dute dirua erraz irabazi asmoz. Ipar Amerikako Julio Hernandez Cordon zuzendariak, Zuzendaritza Onenari saria jaso du gainera, epaileek esan bezala, bere "lotsarik eza, ausardia eta filmaren xarma erromantikoagatik; rock and rolla bete-betean".

Aurtengo nazioarteko epaimailak Karim Aïnouz brasildarrak, Sicilia Queer festibaleko zuzendari artistikoak, Tatiana Lo Iacono italiarrak eta Zinemaldiko hautaketa batzordeko kide den Maialen Belokik osatu dute. Eurek eman diote Dokumental Onenari Saria Irrawady Mon Amour film italiarrari. Argumentuak kontatzen duen bezala, Birmaniako landa giroko herrixka batean, komunitate bat biltzen da eta gobernu militarrak debekatzen duen ekitaldia antolatuko du: bi gazte homosexualen arteko ezkontza.
 
Gidoi Onenaren saria Laura Bispuri eta Francesca Manieraren lanarentzat izan da, Vergina Giurata. Filmak Hanaren bizimodua erakusten digu, bere birjintasuna betiko puru gordetzeko konpromisoa hartzen du gazteak, eta Albaniako lege tradizionalari jarraiki, gizontzat hartua izango da.
 
Antzezpen Nagusi Onenaren Saria Tuva Jagell suediarrarentzat izango da, Pojkarna, Girl Lost filmako protagonistarentzat, "bere gaztetasun eta freskuratik abiatuta pertsonaia sendoa sortu duelako, ikuslea hasiera-hasieratik harrapatzen duena".
 
Euskal Aktoreen Batasuneko Epaimahaiak gainera, Aipamen Berezia egin du eta Vergine Giurata filmeko Alba Rohrwacher protagonistaren lana azpimarratuz.
 
Claudia Canterok Taldeko Antzezpen Onenaren Saria jaso du La Visita filman egindako lanagatik. 
 
Frantziako Je suis Anne Marie Schwarzenbach filmak Film Esperimental Onenari Saria jaso du, "oso modu originalean hurbiltzen baita 30eko hamarkadako aktibista ezagun eta garratzaren irudiarengana, filmari izena ematen dion pertsonaia historikoarengana, bere bizitza antzeztuko duen aktore taldearen bitartez".
 
Bilboko Udaleko Berdintasuna Sailak Lesbianismo eta Generoaren Saria banatu du, 1.500 eurokoa dena. Saria, Sangailes Vasara filmarentzat izan da, Lituaniako Alanté Kaväité zuzendariarena. Aldarte, MDMA eta Sare Lesbianista elkarteek osatutako epaimahaiak azpimarratu duenez, filmak "modu alai eta eskuzabalean erakutsi du datorren belaunaldiarentzat erreferentziazkoa izan daitekeen boterea hartzeko prozesua".
 
Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun, Lankidetza eta Aniztasun Sailak ematen duena, eta .3000 euroko saria dena, Roberto Fiescoren Club Amazonas-ek eraman du, film labur dokumental mexikarra, "elkartasuna boteretzeko estrategia gisa azaldu izanagatik genero identitatea, jatorri ezberdina eta egoera ekonomikoa da bazterkeria bizi duten pertsonentzat".
 
Pink Boy film labur estatubatuarra, Eric Rockeyrena, Gazteen Saria irabazi du. Hala erabaki du UPV/EHUko LGTB Liga osatzen duten ikasleen epaimahaiak. Kontakizun horretan, jarrera maskulinoa duen ama lesbiana bat eta bere semea ezagutuko ditugu. Semea nesken jantziak jartzen eta nesken portaera jasotzen hasiko dena.