Protestak deitu dituzte gaurko Fresneseko euskal presoen isolamendua eta gose greba dela eta

uriola.eus 2016ko mai. 20a, 08:49

Maiatzaren 10etik gose greban daude Fresneseko (Frantzia) euskal presoak Itziar Moreno bilbotarraren isolamendu egoera salatzeko. Gaur, ostiralean, 11:30ean, elkarretaratzea deitu dute Bilbon, Frantziako kontsuletxean, eta 19:00etan manifestazioa, Eliptika plazatik hasita. 

Joan den maiatzaren 2tik isolamenduan dago Fresneseko kartzelan Itziar Moreno. San Inazioko auzotarrak espetxeko 40 kiderekin batera presoen oinarrizko eskubideak aldarrikatzeko protestan parte hartu zuen. Higiene neurriak, biluztera behartzen dituzten miaketen amaiera, UVF bisitak, haurdun daudenentzat eta lanean aritzen diren presoentzat baldintza duinak eta funtzionarien presoekiko errespetuzko tratua aldarrikatu zituzten, besteak beste. Protestaren "bultzaitzaile eta ordezkari izateagatik", isolamenduan zigortuta dago harrezkero Moreno. Bere isolamendua "mugagabea da" eta "asko iraun dezakeela" adierazi dute hurbileko lagunek. 

Maiatzaren 10ean ekin zioten kartzela berean dauden gizonezko moduluko presoek, tartean Zorrotzako Saul Kurto presoa, gose grebari eta Itziar Moreno "isolamendutik atera arte" gose greban jarraituko dutela adierazi dute. Gaur, bederatzigarren eguna dute.

Azken asteetan bai Fresnesen bai Fleuryko espetxean protesta ugari burutu dituzte euskal preso politikoek "eskubide urraketak" direla eta. Plantoak egin dituzte beste hainbat presorekin batera, eta maiatzaren 11etik zigor ziegan aurkitzen dira "protesta egiteagatik". Beraien egoera 14 egunez luza daiteke. Zigortu horietako bat da Iralako Itziar Plaza presoa. 

 

Mobilizazioak  

Gaur,ostirala, hilak 20, Iparragirre kaleko 26. zenbakian dagoen Frantziako kontsuletxe aurrean elkarretaratzea deitu dute 11:30ean 'Fresnes SOS, isolamendurik ez' leopean, eta 19:00etan manifestazioa Eliptika plazatik hasita.  

www.etxerat.eus 

[2016-05-16] Itziar Moreno isolamendutik atera dezaten zazpi egun daramate gose greban Fresneseko kartzelan 

[2016-05-10] Gose greba mugagabea hasi dute Fresneseko kartzelan Itziar Morenoren isolamendua salatzeko