Basque Lives Matter: "Lanagatik, desobedientziagatik eta indar metaketagatik izan dugu akordiorako aukera"

uriola.eus 2016ko mai. 19a, 08:00
Bederatzi auzipetuak Audientzia Nazionaleko atarian

8/2013ko sumarioko bederazi auzipetuek akordioa lortu badute ere, Iralako Ugaitz Elizaranek kartzelan sartu beharko du lau hilabete eta 20 eguneko zigorra betetzera. Bere aurrekariengatik, "berrerorlea izateagatik", fiskalak eta akusazioak "diferentzia egin behar zela" azpimarratu dute. Elizaranek, aldiz, "sekula arma bat hartu gabe", terrorismo delituagatik laugarrenez kartzeleratuko dutela salatu du.   

Joan den maiatzaren 17an Ekineko kide izatea leporatzen zitzaien bederatzi euskal herritarren aurkako ahozko auzia hastekoa zen Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina azkenean, aldeen arteko akordioa lortuta, espetxea saihestu dute. Denek Ugaitz Elizaranek ezik.

Lehen unean, Elizaranek adostutako zigorra baldintzapeko askatasunean beteko zuela zabaldu bazen ere, Elizaranek berak URIOLAri azaldu dionez, "oso zaila" du espetxe zigorra saihestea. Izan ere, baldintzapeko askatasuna "kartzelan bertan eskatu behar da, lehen hilabetea beteta duzunean, eta hezitzaileak deitu ostean". Ondoren batzorde batek aztertzen du eskaria. Hortaz, "asteetan" erabakiko den zerbait izan daiteke bere espetxeratzea. "Laster ikusiko dugu", dio. 

Bi urte, hiru hilabate eta egun bateko zigorra adostu dute fiskalak eta akusazioak Elizaranen abokatuarekin. 2010ean atxilotu eta ia bi urte eman zituen preso Ugaitzek. Hortaz, "lau hilabete eta 20 egun faltako litzaidake betetzeko". Saihestezina dirudien zigorra. Akordioaren negoziaketan, "proposamenak mahai gainean jartzean, nirekiko diferentzia egin behar zela aipatu du Fiskaltzak, nire aurrekariengatik". "Berrerorlea izateagatik", Fiskaltzaren esanetan. Aurrekari horiek bere lan politikoarekin dute zerikusia. "Bi aldiz izan naiz espetxean Jarraiko kide nintzelakoan eta beste bi aldiz Ekineko kide bezala. Guztira, lau aldiz terrorismo delituagatik, sekula arma bat hartu gabe". 

Iralako Sandra Barrenetxearen kasua desberdina da. Urtebete eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra jarri diote, eta ez du kartzelan sartu beharko. 

Gainerakoei, Urko Aierbe, Joxe Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Erika Bilbao, Eneko Compains, Egoitz Garmendia eta Rosa Iriarteri bina urteko zigorra ezarri diete. Hau da, 'Segurako auzia'-n edo apirilaren 14an Ekinekoak izateaz akusatuta ziren 'Aztnugal auziko' bost kideen antzeko akordioak lortu dituzte auzipetuen defentsak, fiskaltzak eta akusazio partikularrek, kasu honetan Dignidad y Justicia eta AVT elkarteak. Horren arabera, akusazioaren oinarria onartzen da, biolentziarekin lotutako ekimenak arbuiatu dituzte, eta haien jardunak eragindako biktimen eta minaren aitortza egin dute.

"Ez genuen espero" akordioa lortzerik, batik bat, Digindad y Justiciak hasieran agertu zuen aurkako jarreragatik. Baina aukera egonik, "onena sinatzea izan da", Elizaranen hitzetan: "Hilabete hauetan gure alde eta beste hainbat auzipetuen alde egindako lanagatik izan dugu aukera hori. Azaldutako desobedientziagatik eta sortu den indar metaketagatik. Horren fruituak ari gara jasotzen. Akordioa onargarria iruditzen zaigu, baina ez du justiziarik egiten. Azken batean gure ekinbide politikoagatik zigortuak izan garelako". Aurrerantzean ere, "indar gehiagorekin" ekitera dei egin du Elizaranek, "beharrezko izango baita".  

www.argia.eus

BasqueLivesMatter, #9akLibre 

[2016-05-13] Basque Lives Matter: "Eskatzen diguten zigorraren zati handi bat ordaindu dugu jada"