Gaztedi Dantza Taldeak 65. urteurrena ospatuko du ekainaren 25ean

uriola.eus 2016ko mai. 24a, 12:36

65 urte joan dira 1951an Gaztedi Dantzari Taldea sortu zenetik. Hala ere, taldekideek argi daukate "ez dutela erretiroa hartuko" eta urterik urte egin bezala, lanean jarraituko dutela "gure herriko kulturaren alde lan egiteko gogoa lau haizetara zabalduz". Ekainaren 25erako euskal dantzaikuskizun ibiltaria prestatu dute urteurrena ospatzeko.

2016an zehar ekimen ezberdinak prestatu dituzte Bilboko dantza talderik zaharrenaren urteurrenari begira. Antolatu dituzten ekimenen artean, ezinbestekoa da urteurreneko ekitaldi nagusia azpimarratzea: datorren ekainaren 25ean, euskal dantza ikuskizun ibiltaria eskainiko baitute, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. ’Zapiak bat’ izena eman diote ikuskizunari, zapia izango baita Gaztediko belaunaldi ezberdinetako 300 dantzari eta musikariren arteko lotura-elementua. Ibilbidea Isozaki Dorreetan hasiko da eta, egitarauan jasotako geldialdi ezberdinak igaro ondoren (Salbe, Guggenheim, Euskadi Plaza), Pergolara helduko da, ekimenean bildutako parte-hartzaile guztiek elkarrekin musika eta dantza eskainiko duten gunea. Gaztediko dantzari eta musikariez gain, Adiskideak Fanfarrearen eta Mairuek Erraldoien Konpartsaren laguntza ere izango dute, besteak beste.

Ikuskizun hau Udalak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolatutako ‘Dantza Plazetan’ egitarauan kokatuta dago. Ekimena ikustera hurbiltzeko asmoa duten pertsonak ibilbidea lehenengo geralekuan hastera gonbidatzen dituzte Gazteditik, Izosaki Dorreetan, alegia; horrela, dantzariekin batera egin ahal izango baitute aurrera, zehaztasunik galdu gabe.

Folklore eta ospakizunen testuinguru honetan, aipatzekoa da astebete lehenago ere, ekainaren 11n (larunbata), dantzak izango duela protagonismoa. Izan ere, Larrain Dantza Topaketaren VI. edizioa ospatuko da Areatzako kioskoan, Gaztedi Dantzari Taldearen eskutik. Arratsaldeko 20:00etan izango da hitzordua; euskal dantzaren zaletuek aukera izango dute, Gaztediko dantzariekin batera, Euskal Herriko dantza ezagunenetako bat dantzatu eta gozatzeko.