Musika eta dantza uztartuko ditu 'Bandtzaldia'-k arratsaldean

uriola.eus 2016ko eka. 24a, 08:45

Aiko taldeak eta Bilboko Udal Musika Bandak Bandtzaldia izeneko ikuskizuna estreinatuko dute gaur, ekainak 24, Azkuna Zentroan, 19:30etik aurrera. Kontzertuak Bilboko Musika Bandako eta Aiko taldeko musikariak bilduko ditu, agertokian 50 musikari baino gehiago elkartuz, Sabin Bikandik idatzitako eta Joserra Gutierrez konposatzaileak moldatutako euskal musika bikainaz osatutako errepertorioa eskainiz.

Musikaz gain, ikuskizunak erromeria ere eskainiko du Azkuna Zentroan (Alondegiko Ataria), Aiko taldeko dantza maisuekin; jende guztia parte hartzera gonbidatuz. Kontzertuan, hilabete honetan 121 urte betetzen dituen Bilboko Musika Bandaren beteranotasuna, euskal dantza tradizionalaren hedapena bultzatzen duten musikariz eta dantza maisuz osatuta dagoen eta 2016 honetan 10 urteko ibilbidea betetzen duen Aiko taldearen filosofia bereziarekin uztartuko da.

Asteartea, Musikaren Nazioarteko Egunean, Bilbok kalera atera zuen musika, ekitaldi hau aurkezteko. Udal Musika Banda osoa, Jose Rafael Pascual Vilaplana zuzendari titularraren zuzendaritzapean, Aiko taldeko musikariekin eta dantza maisuekin batera, hiru gai interpretatzeko eta dantzatzeko –'Baigorriarrak' jauzia, 'La veloz sangüesina' jota eta 'Los hermanos Anaiak' pasodoblea–. Lan horiek ostiralean, ekainaren 24an, eskainiko den kontzertu-jaialdian ere eskainiko dituzte. Bandtzaldiaren aurkezpena Evaristo Churruca kaian egin da, Guggenheim Museoak eta Salbek osatzen duten ingurune paregabean. Ekitaldian, Nekane Alonso Udaleko Kultura zinegotziak, Leire Aragon BBK Fundazioko Gizarte Laneko zuzendariak, Ana Madariaga BilbaoMusikako zuzendari gerenteak eta Aiko taldeko Sabin Bikandi, Alvaro Garcia, Txus Aranburu eta Amaiur Cajaraville musikariek eta Patxi Laborda, Ainhoa Odiaga, Josu Garate eta Irune Arrizubieta dantza maisuek hartu dute parte.

Bandtzaldia Aiko taldeak asmatutako ikuskizun kontzeptu berria da, Euskal Herriko Musika Bandekin egingo dena, eta BBK Fundazioaren babesa eta BilbaoMusikaren laguntza izango ditu datorren ostiraleko estreinaldian. Bandek interpretatutako Aiko taldearen musika dantzatzeko, eta jendearen partaidetza izango duen erromeria, dena bat eginda.

Gaur egungo gizartean, kontzertuetan zuzeneko musika entzuten ohituta gaude, baina kontzertuaren errituala, gaur egun ulertzen dugun bezala, ez da antzinakoa, XX. mendearen bigarren erdialdean hasi zen estandarizatzen eta ia mundu osora zabaldu da. Ordura arte, eta gaur egun zenbait lekutan ere horrela jarraitzen du, Euskal Herriko biztanleek partaidetzan oinarritutako modu interaktiboan gozatzen zuten musikaz, gure danbolin, dultzaina eta alboka joleen musikarekin dantzatuz, eta XIX. mendetik aurrera plazetan egiten ziren erromeriak alaitzen zituzten gure herrietako eta hirietako banda ugarien musikarekin. 

"Herriko bandarekin egiten zen jaiegunetako dantza, aisiarako, topaketarako eta sozializaziorako gune nagusia zen. Hori da, baita ere, gure proposamenaren, proiektu honen, helburu nagusia", adierazi du Bandtzaldiaren errepertorioaren egilea den Sabin Bikandi musikariak. Dantza tradizionalez gozatzeko musika, espazio eta aukera berriak sortzen Aiko taldea azken urteetan egiten ari den esfortzua Bilboko Udal Musika Bandaren soinuekin nahastu nahi da lehenengo, ondoren, dantza eginez, Euskal Herriko gainerako musika bandak kutsatzeko. Helburua argia da: mundu guztia dantzan jartzea.

Horrela, ehun urte baino gehiago dituen Bilboko Bandak inauguratuko du ostiralean, ekainaren 24an, Bandtzaldia proiektua. Proiektuak edizio gehiago izango ditu Bilbon, urriaren 2an Areatzako Kioskoan eta abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, BBK Aretoan eskainiko den kontzertu solidarioarekin. Horrez gain, Aiko taldea harremanetan ari da Iruñeko, Legazpiko, Errenteriako, Hernaniko eta Irungo Musika Bandekin, besteak beste, Bandtzaldia leku horietara eta beste batzuetara eramateko, oraindik zehaztu gabe dauden egunetan.

Bilbon egingo den estreinaldirako aukeratu den egitaraua, Sabin Bikandi Aiko taldeko kide sortzaileak eta 2015eko musika konposizio hoberenaren Max Saridunak idatzitako 20 lan baino gehiagok osatzen dute. Joserra Gutierrez Barakaldoko konposatzailea arduratu da moldaketez, lan bikaina eginez, abestiak bandaren egiturara egokitzeko. Bilboko Udal Musika Bandak eta AIKO taldeko musikariek programa animatua eskainiko dute Alondegiko Atariko eszenatokitik, Jose Rafael Pascual Vilaplana Bandako zuzendari titularraren aginduetara

Musika entzuten den bitartean, dantza maisuak dantzan arituko dira Azkuna Zentroko atarian, jende guztiaren partaidetzara zabalik egongo den ikuskizuna alaituz. Aikon ohikoa denez, ez dira beharrezkoak ez maisutasuna ezta klaseak ere; dantzan egiteko behar den gauza bakarra gogoa da. 

'Anatema baten amaiera'

Errepertorioak aire aldaketa eragingo du Bilboko Udal Musika Bandan, dantzan egiteko pentsatutako abesti bilduma interpretatuko duen talde profesionalean. Jotatik eta mazurkatik porrura edo jauzira, tangotik eta rancheratik igaroz. Egitaraua bitxia da XXI. mendeko Banda baterako. Dena den, esan behar da beste garai batzuetan bandak ezin izango zuela musika hori jo, debekatuta zegoelako, besterik gabe. Horrela erakusten du 1883ko abuztuaren 16an garai hartan Bilboko Alkate zen Eduardo Victoria de Lecea y Aranak emandako bandoak: "Queda terminantemente prohibido el entregarse a toda clase de bailes en toda la extensión del Paseo del Arenal", eta adierazten zenez, arau hori hausten zutenak "serán detenidos y puestos a mi disposición y castigados con el máximum de la multa que la Ley me autoriza a imponer". Testigantza horiek eta beste batzuk jasotzen ditu Aingeru Berguices antropologoak. Hori dela eta, datorren ekainaren 24an Bilbon egingo den kontzertua "Anatema baten amaiera" gisa definitzen du.

Izan ere, Bando hori eman zenean Bilboko Musika Banda oraindik existitzen ez zen arren, dantza egiteko debekua urte luzez luzatu zen Areatzan eta Hiriko beste leku askotan. Egitarauari egin dizkion oharretan, Berguicesek adierazten du Bilboko Musika Banda "beti egon zela babeslearen, agintzen zuten klaseen esku zegoen Udalaren, aginduen mende. Bandaren lehenengo 30 urteetan, dantzan egin zitezkeen errepertorioak pixkanaka kentzetik sortutako tentsioak nagusitu ziren". Antropologoaren iritziz, Bilboko Bandak Bandtzaldia proiektuan parte hartzeak "musika gorputz osoarekin, eta ez entzumenarekin bakarrik, biziko duen biztanleriaren sektore batekin berriro elkartzea" eragingo du.